2026ko Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa Gazte Saria Gatibutasunetik askapenera: Marcela Lagarderen feminismoa eta euskal emakume abertzaleen bizipenak elkarrizketan izeneko proiektuari eman diote. Sariak 35 urtetik beherako gazteek Humanitate, Kultura, Arte eta Gizarte Zientzien arloetan egindako sorkuntza eta ikerketa lanak babestea du helburu.
Epaimahaiak Maddi Alberdi San Martinek (1999) aurkeztutako proposamenaren ikuspegi teoriko berritzailea azpimarratu du. Alberdi Gizarte Laneko graduduna da, eta masterra du Europako Herrien Burujabetzan, EHUren eskutik.
Saria irabazi duen ikerlana egilearen doktorego-ikerketaren barruan kokatzen da, eta dagoeneko material enpiriko zabala bildu du. Tesiaren xede nagusia euskal nazionalismoaren eta feminismoaren arteko lotura aztertzea da, emakume abertzaleen ikuspegi eta bizipenak oinarri hartuta. Fase honetan, Marcela Lagarderen (1948) —Mexikoko antropologo eta ikertzailea, Latinoamerikako feminismoaren erreferente nagusietako bat— kontzeptu analitikoak euskal testuingurura ekarriko dira, "bi testuingururen arteko elkarrizketa sustatuz".
Diruaz gain, egonaldia Mexikon
6.000 euroko saria eskuratzeaz gain, Mexikoko Unibertsitate Nazional Autonomoko Genero Ikasketen eta Ikerketen Zentroan egonaldi bat egingo du Alberdik. Bertan, Lagarderen pentsamenduan sakonduko du, "eta haren marko teorikoa euskal errealitateari buruz bildutako datuen analisiarekin elkarrizketan jarriko du". Eusko Ikaskuntzaren arabera, ekarpen bikoitza dakar horrek: "Alde batetik, doktorego-ikerketa aberastea, CIEGeko ikertzaileen ekarpen eta ikuspegiekin batera, eta, bestetik, Lagarderen teoriari ekarpena egingo dio, euskal testuinguruarekin harremanetan jarriz eta haren balio analitikoa indartuz".
Epaimahaiak nabarmendu duenez, "proiektuaren berrikuntza nagusia euskal errealitatea ikuspegi transnazional batetik pentsatzea da, Latinoamerikako teoria feministaren eta tokiko esperientzien arteko elkarrizketa sustatuz". "Horrela, proiektuak euskal gizartea ulertu, azaldu eta pentsatzeko kontzeptu eta ikerketa berriak ekartzea du xede", erantsi du.