Eguerdian, txistularien dianaren eta dantzari eta dantzarien kalejiraren ondoren, Izabako bandera dantzatu zuen udaletxe plazan Julio Beretens Izabako dantzari, musikari eta animatzaileak. Kurruskla dantza taldeko dantzariek Izabako eta Uztarrotzeko ttun-ttunak eskaini zituzten jarraian, eta eguerdiko ekitaldia borobiltzeko, herritar guztiei irekitako ttun-ttuna dantzatu zen.
Arratsaldean, Udaletxeko arkupetik atera zen Kezka dantza taldeko dantzariek Eibartik ekarri zuten ezpata-dantza eta ezpata-dantzariek lagunduta plazaratu zen berriz ere Beretens, Izabako bandera eskuan zuela. Bandera-dantzarekin abiatu zen ezpata-dantza eta Izabako udaletxe eta elizaren inguruko kaleak korritu zituzten ezpata-dantzariek, kale nagusira jaitsi eta herria alderik alde zeharkatzeraino.
Ezpata-dantzaren atzetik zetozen herritarrak anfiteatroan tokia hartuta zeudenekin elkartu ziren harmailetan. Mendi ederrek eskaintzen duten dekoratu natural berdearen erdian zuriz eta gorriz jantzitako Kezkako dantzariek beren emanaldia eskaini zuten.
Egunean hirugarren aldiz dantzatu zuen Beretens-ek Izabako bandera eta segidan Arrateko ezpata-dantzak hartu zuen eszenatokia. Hiru trokeo-dantzekin, makila txikienarena, makila handiena eta brokel-makilena, osatu zuten Kezkako dantzariek Arrateko dantzen sorta.
Ondoren San Juan egunez Eibarko untzaga plazan dantzatzen den aurreskua eskaini zuten Izabako anfiteatro ederrean Kezkako dantzariek. Desafio, abarketa eta San Joan zortzikoaren ondoren, Orbea kontrapasaren doinura omenduak plazaratu zituzten zerbitzariek. Kurruskla dantza taldeko dantzariak plazaren erdira ekarri eta kanta eta dantzaz omendu zituzten. Hasteko, “Aire zahar huntan” kanta eskaini zuen Idoia Lahidalgak. Kantu hori Izaban jaso zioten Pastora Anaut izabarrari 1954 urtean, Erronkarieraz egiten zuten azken euskaldunetakoa izan zen Pastora Anaut. Segidan, Idoia eta Jone Lahidalga ahizpek dantzatu zuten agurra.
Soka-dantza eta ekitaldia bukatzeko, Kurruskla eta Kezkako dantzariek elkarrekin dantzatu zuten Izabako ttun-ttuna, eta baita ondotik fandango, arin-arin eta azken kalejira ere.
Une berezi eta hunkigarriak izan ziren, besteak beste Jone eta Idoia Lahidalga ahizpak, haien guraso Mikel Lahidalga eta Amaia Bagliettorekin batera, Izabarekin lotura estu baitute eta Kurruskla dantza taldearekin aritzen baitira, dantzan hiru lahidalgatarrak eta txistua jotzen Baglietto, Kezka dantza taldearekin bezala.
Ugariak dira Izaba eta Eibar, Kurruskla eta Kezka, Erronkari eta Eibarko Klub Deportiboarekin arteko loturak eta sareak. Hainbat eibartarrek jotzen du bertara asteburu eta opor, mendi, eski eta naturaz gozatzera, eta horietako mordoska izan dira bi herrien batasun hori dantzaren bidez gorpuztu duen ekitaldian. Ekitaldian izan ziren, besteak beste, Iraia San Ildefonso eibartarra, Antonia Anaut euskaraz erronkarieraz egiten zuten izabarren azken belaunaldikoaren birloba, edo Eneko Egiguren “Manute” eibartarra ere, Urzainkiko aterpetxearen nagusia, Erronkari ibarreko hainbat ekimenetan eragile jarduten duena.