Argentinako 11 euskal dantzari ariko dira gaur Arrateko ezpata-dantzan

Barrena

Argentinatik etorritako dantzariak Kezkako kideekin. Argazkia: Kezka dantza taldea.

Tandilgo Betirako euskal dantzari taldeko kideak egunotan Eibarren dira, Kezka eta Dantzako kideekin euskal dantzan trebatzeko. Gaur, Arrate Egunean, ezpata-dantzan parte hartuko dute, 12:00etatik aurrera. 

Egun handia da gaur Eibarren, Arrate Eguna ospatzen dutelako. Aurten bisitari bereziak izango dituzte, izan ere itsasoz bestaldeko euskal dantzariek dantza egingi dute ezpata-dantzan. Argentinako Tandil hiriko Betirako euskal dantzari taldeko 11 kidek parte hartuko dute gaur Arrateko ezpata-dantzan, Arrateko dantzarien kofradiako gainerako kideekin batera.

Gainera, Gasteizko Amagoia Egiluz eta Jon Fernandez dantzariak ere lehen aldiz arituko dira Arrateko ezpata-dantzan.

Eibartik Tandilera, eta Tandiletik Eibarrera

Tandilgo dantzarien eta Eibarren arteko harremana iaz sendotu zen. 2025eko urrian, Kezkako hiru dantzari —Josu Garate, Ainhoa Larrañaga eta Oier Araolaza— Argentinan izan ziren euskal dantzaren inguruko proiektu batean.

Argia dantzari taldearen Martin Zalakain ikuskizuna Argentinan prestatu zuten, bertako 25 dantza talderen artean. Argiako hainbat dantzari eta musikarik hango dantzariekin batera prestatu zuten ikuskizuna, eta Buenos Airesen, Cañuelasen, Bahia Blancan eta Tandilen aritu ziren euskal dantzaren inguruko prestakuntza eskaintzen.

Tandilen, Martin Zalakain ikuskizuna 2025eko azaroaren 1ean taularatu zuten, 250 euskal-argentinarren artean, 2.000 lagunentzako anfiteatro batean.

Orain, Tandilgo Betirako taldeko 11 dantzariak Euskal Herrian dira, bi asteko egonaldia egiten. Lehen egunak Zuberoan eman dituzte bertako dantzak ikasten, eta Eibarren ari dira orain, Dantzan eta Kezkako kideekin euskal dantzan trebatzen.

Euskal Herria ezagutzeko hainbat txango, museo-bisita eta ikastaro ere egingo dituzte. Besteak beste, Donostian Argiakoekin eta Iruñean Dugunakoekin jasoko dituzte prestakuntzak datozen egunetan.

Chacarera, Eibarren

Trukea ez da norabide bakarrekoa izango. Irailaren 10ean, Tandilgo dantzariek Argentinako folkloreko dantza adierazgarrienetako bat, chacarera, erakutsiko diete Kezkako dantzariei. Horrez gain, Tandilgo Euskal Etxeari eta esku artean duten ondareari buruzko dokumentala aurkeztuko dute.

Eibarren Kezkako kideekin ezpata-dantzan trebakuntza trinkoa jaso ondoren, gaur Arraten izango dira, urteroko ohiturari jarraituz. Arrateko dantzarien kofradiako gainerako kideekin batera egingo dute ezpata-dantza.

Arrateko saioaren ondoren, Donibane Lohizunera joango dira, Euskal Diasporaren Egunean dantzatzeko. Eusko Jaurlaritzak antolatutako ekitaldian izango dira, eta Imanol Pradales lehendakaria eta gainerako sailburuak ere bertan izango dira.

Arrateko ezpata-dantzaren egitaraua

Gaurko emanaldiak ohiko programa izango du, Usartza txistulari taldearen doinuekin:

  • 11:00 — Mezan ezpata-dantza.
  • 12:00 — Prozesioan ezpata-dantza.
  • 12:30 — Ezpata-dantza eta trokeo-dantzak zelaian.