Eneritz Ibarra Azpeitia ilustratzailearen Benito, herriaren kantua proiektuak irabazi du euskarazko kultur sorkuntza sustatzeko eta sortzaileen sormen-prozesuak babesteko xedez lehen aldiz antolatutako Sormen Bizian beka.
Orioko Udalak azaldu duenez, udaberrian zehaztu zuten bekaren lehen edizioaren aztergaia: Benito Lertxundiren biografia eta obra artistikoa. Eta, deialdira aurkeztutako lanak aztertu ostean, eibartarraren proposamena aukeratu du beka ebatzi duen epaimahaiak. Bada, Benito Lertxundiren kantu, gogoeta eta iruditeriarekin osaturiko ibilbide bat sortzea proposatu du Ibarrak, hau da, Lertxundiren kantagintzaren transmisiorako baliagarri izango den bide bat sortzea Orion.
Ibarrak zehaztu duenez, "ibilbideak elkarrizketan jarriko ditu Benitoren gogoetak eta kantuak, ahozko euskal kultur ondarea, doinu sorta zabala, memoria kolektiboa, norbanakoaren biografia, Orio, plazer estetikoa eta paisaia". Funtsean, "Orio eta ingurua beste begi batzuekin sentitzeko aukera" emango luke ibilbideak, eta "oroimena pizteko eta transmititzeko" lekua izango litzateke.
Ilustratzailearen esanetan, "euskal kultur ondare inmaterialari espazio publikoan lekua emateko" helburuarekin sortu du proposamena, eta Benitoren lana eskertzeko eta transmititzen jarraitzeko "gune bizi eta irekia" izango litzateke ibilbidea.
Orioko Udalak 7.000 euroko dirulaguntza emango dio Ibarrari, hurrengo hilabeteetan proiektua garatzeko aukera izan dezan; egileak sormen-prozesuan ikertutakoa eta landutakoa jendaurrean aurkeztu beharko du ondoren, datorren neguan. Alegia, Udalak zehaztu du sormen-prozesua bera dela bekak diruz laguntzen duena. "Ondoren, Ibarraren lana amaitu eta gero, herrian proiektua egikaritu edota exekutatu nahiko balitz, beste fase bat izango litzateke. Hau da, Sormen Bizian bekak ez du proiektuaren egikaritze edota exekuzioarekin inolako lotura edota konpromisorik", argitu dute udal iturriek.
Sortzaileari buruz
Eneritz Ibarra Azpeitia Eibarren jaio zen 1982an, eta Orion bizi da gaur egun. Ingurumen Zientzien ikasketak egin zituen eta, ingurumenaren eta hezkuntzaren esparruan hainbat proiektutan lanean aritu ondoren, 2016an ibilbide berri bati ekin zion: ilustrazio ikasketak egin zituen, Gasteizko I:D Arte eskolan.
Orduz geroztik, ilustratzailea da ofizioz, eta askotariko sorkuntza lanetan dihardu azken urteotan, proiektu profesionalak eta pertsonalak uztartuz; besteak beste, Begi hütsez ezin ikusi komikia sortu zuen iaz, Udalbiltzako Geuretik Sortuak beka jaso eta Atharratzen egonaldia egin ostean.