Eibarko Udalak eta Eibarko Musika Gazte Elkarteak (EMGE) antolatu dute Izengabeak musika lehiaketa, Eibarko eta Debabarreneko gazteen musikarako talentua sustatzeko asmoarekin. Parte hartzeko baldintza nagusia zen taldekideen erdia, gutxienez, Debabarrenako bizilagunak izatea, eta editatutako bi disko baino gehiago ez izatea. Taldeek lau kantako bilduma bat aurkeztu behar zuten lehiaketara, MP3 formatuan, eta haietako bik, gutxienez, originalak izan behar zuten. Kantak euskaraz edo gaztelaniaz aurkez zitezkeen, edo beste edozein hizkuntzatan, betiere euskarara edo gaztelaniara itzulita.
Antolatzaileek jakinarazi dutenez, deialdiak erantzun ona izan du, zazpi taldek eman baitute izena bigarren edizio honetan. Aurretiko hautaketa-fasearen ondoren, talde parte-hartzaileek beren proposamen musikalak zuzenean aurkezteko aukera izango dute orain, publikoaren eta epaimahaiaren aurrean.
Zuzenekoak Untzaga plazan
Taldeek zuzeneko emanaldiak emango dituzte ostiralean eta zapatuan, hilaren 18an eta 19an, Eibarko Untzaga plazan. Bi egunetan 19:30ean hasiko dira emanaldiak.
- Lehen egunean hiru talde igoko dira oholtzara: Udaz and The Hollow Nights, D34D0P3R4, eta Mise en Abyme.
- Bigarren egunean, zapatuan, honako hauek joko dute: Metal Gudariak, Milicia Folk, Rythmachin eta Judash.
Irabazleak eta sariak
Lehiaketako epaimahaiak zapatuko emanaldien amaieran emango du jakitera irabazlea zein den. Lehen saria eskuratzen duen taldeak 2.000 euro jasoko ditu eta 50 estudio-ordu, Legarreko Musika Sormen Zentroan. Bigarren saria, 1.000 euro eta 50 estudio-ordu izango da. 500 euroko sari bereziak ere emango dituzte; bata euskarazko kantu onenari; eta bestea Eibarko talde onenari.
Duela bi urte egin zuten Izengabeak lehiaketaren estreinako edizioa, 2024an. Bederatzi taldek hartu zuten parte eta Ur taldeak eskuratu zuen lehen saria, Slide taldeak bigarrena eta Painapple taldearentzat izan zen hirugarren saria.
Eibarko alkate Jon Iraola lehiaketaren garrantzia azpimarratu du: “Izengabeak espazio bat da gure herriko eta eskualdeko talentu gazteek beren musika eskaini dezaten eta profesionalki garatu daitezen. Bertoko sormena eta kultura sustatu nahi dugu, eta lehiaketa aukera ona da horretarako”.
Ur taldea irabazle lehen edizioan
Andoni Zabala Kultura zinegotziak gaineratu duenez, “txapelketak musika-kalitatea saritzeaz gain, Debabarreneko musikarien arteko lankidetza bultzatzen du. Seguru gaude II. edizioak proposamen berritzaile eta zirraragarriak ekarriko dituela”.
