Udazkeneko kultur hitzordurik handienetako bat abiatuko da gaur Hazparnen: Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa. Aurtengo edizioan, 50 bertsolarik hartuko dute parte, eta 15 saio jokatuko dituzte hiru fasetan: lehen fasea, finalaurrekoak eta finala. Finala Iruñeko Nafarroa Arenan jokatuko da, abenduaren 20an.
Finalaurrekoa Eibarren
Debabarrendarrentzat, gainera, hitzordu berezia izango du txapelketak: urriaren 31n, finalaurreko saioetako bat Eibarren jokatuko da. Saio horretan 2022ko finalistetako bik kantatuko dute Alaia Martinek eta Nerea Ibarzabalek, hain zuzen. Haiekin batera kantatuko dute lehen fasean gaur Hazparnen eta urriaren 11n Agurainen irabazten dutenek eta lehen fasean puntuazioz 5. eta 8. sailkatzen direnek.
Irudi berria
Aurtengo edizioak baditu bestelako berritasunak ere. Txapelketak Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa izena hartuko du ('Nagusia' izendapenik gabe), eta irudia, eszenografia eta sintonia sormen-prozesu kolektibo baten emaitza izan dira. Aurkezpena irailaren 10ean egin zuten Azpeitiko Sanagustin kulturgunean, Dinamoa sormen guneko egonaldi batzuen ondoren. Irati Antiak landu du iruditeria, Malen Agirrek eszenografia, eta Lumik —Nahia Zubeldiak eta Manu Matthysek— sintonia.
Txapelketa jarraitzeko moduak
Txapelketaren nondik norakoak euskal hedabideetan jarraitu ahalko dira. Bertsozale Elkartearen atarian txapelketaren gaineko informazio eguneratua eskainiko dute (emaitzak, sailkapenak eta informazio praktikoa). ETB1ek finalaurrekoak zuzenean emango ditu, eta finala ere bai; lehen faseko saioak, berriz, saioen ondoren jarriko dituzte ikusgai ETB Onen. Hitzetik Hortzerak ere txapelketa izango du ardatz igandeetan. Baina txapelketaren jarraipen sakonagoa egin nahi duenak Bertsoa.eus-en aurkituko du horretarako aukera. Izan ere, webgune espezializatuak saio osteko kronikak, adituen iritziak eta bertsolarien adierazpenak eskainiko ditu eta baita puntuagarri diren bertsoaldiak ere. Horrez gain, Bidegurutzean bideo-podcastaren zortzi atal ere argitaratuko dituzte, hamabostean behin, adituen gogoeta eta iritziak eskainiz.
Txapelketa zuzenean bizi nahi dutenek, berriz, Bertsosarrerak.eus atarian eros ditzakete saioetako sarrerak.