Guztira, Energia Berriztagarrien Ingeniaritzako Graduko XII. promozioko eta Kontrola, Sare Elektriko Adimentsu eta Sorkuntza Banatuko Masterreko IX. promozioko tituludunek jaso zituzten diplomak. Bi ikasketek lotura estua dute egungo gizartearen erronka energetiko eta teknologikoekin.
Ekitaldian izan ziren, besteak beste, Juan Ignacio Pérez Iglesias Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailburua; Marian Iriarte EHUko Erakunde Harremanen eta Kulturaren arloko errektoreordea; Jon Iraola Eibarko alkatea; Iker Laskurain Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako zuzendaria; eta Alain Ulazia, Eibarko ataleko koordinatzailea.
Pérez Iglesias sailburuak energia berriztagarrien arloko prestakuntza espezializatuak "Euskadiren deskarbonizazioan eta trantsizio energetikoan duen garrantzia" nabarmendu zuen. Era berean, "graduatuen prestakuntza Eusko Jaurlaritzak industria eraginkorragoa, elektrifikatuagoa eta deskarbonizatuagoa" sustatzeko dituen estrategiekin bat datorrela azpimarratu zuen.
Sailburuaren hitzetan, Euskadi 2030 Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planak sare elektriko adimendunak, energia-biltegiratzea eta deskarbonizazioa etorkizunerako "eremu estrategikoak" dira. Horren harira, ingeniari belaunaldi berriek eraldaketa horretan izango duten "eginkizun garrantzitsua" nabarmendu zuen.
Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolak graduatu guztiak zoriondu zituen eta eskerrak eman zizkien familiei, irakasleei eta langileei, urte hauetan eskainitako babesagatik, inplikazioagatik eta konpromisoagatik.