Sarrerak agortuta, 1800 bertsozale inguru elkartu dira gaur Eibarko Ipurua kiroldegian Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako bigarren finalaurrekoan. Igotz Alkorta Irastorza gai-emailearen atzetik sartu dira sei bertsolariak: Alaia Martin Etxebeste, Oihana Iguaran Barandiaran, Nerea Ibarzabal Salegi, Miren Artetxe Sarasola, Asier Azpiroz Iztueta eta Nerea Elustondo Plazaola.

Seikotetik Nerea Ibarzabalek lortu zuen puntu gehien biltzea, 740. Horrela, finalaurrekoen bigarren itzulirako txartela lortu du eta Gasteizen kantatuko du azaroaren 28an. Gainontzekoek, puntuazioaren arabera izango dute finalaurrekoen bigarrengo itzulira sailkatzeko aukera. Atzoko saioko xehetasun gehiago ezagutzeko sakatu hemen.
Horrela geratu ziren puntuazioak:
- Nerea Ibarzabal Salegi___________740
- Alaia Martin Etxebeste__________722
- Miren Artetxe Sarasola__________713.5
- Oihana Iguaran Barandiaran_____701.5
- Nerea Elustondo Plazaola________696
- Asier Azpiroz Iztueta______________642.5
Frankestein doktorea eta munstroa gorputz bakarrean bertsotan izenburupean, Ane Zuazubizkar Iñarra bertsolari eta kazetariak Eibarko finalaurrekoak eman zuenaren berri eman du Bertsoa.eus atarian, saio osoaren errepasoa eginez eta bertsoaldirik onenak nabarmenduz. Eibarko bertsoaldi guztiak, bertsolarien balorazioak eta adituen iritziak astelehenean eskainiko dituzte atari horretan bertan.
Ernatu da munstroa titularpean argitaratu du Iratxe Muxika Karrionek kronika Berrian eta Bertso damaskinatuak baino zerbait gehiago analisia Gorka Azkaratek atari berean.
Bestalde, gaur, domeka, arratsaldeko 15:00etan, atzoko saioaren berri emango dute ETB1eko Hitzetik Hortzera programan.

Hurrengoa, Gernika-Lumon
Finalaurrekoetako hurrengo saioa azaroaren 7an izango da Gernika-Lumoko Jai-Alai pilotalekuan, 17:00etan. Kantuan ariko diren bertsolariak Agin Laburu Rezola, Aitor Bizkarra Ruiz, Aitor Mendiluze Gonzalez, Ane Labaka Mayoz, Aner Peritz Manterola eta Joanes Illarregi Marzol izango dira. Sarrerak salgai daude www.bertsosarrerak.eus atarian.