ELAk etxebizitzaren auzia eta azaroaren 11ko greba orokorra izan ditu hizpide Eibarren

Egoitz Unamuno Loidi

150 lagun inguru bildu ziren Eibarko Armeria Eskolan egindako asanbladan, eta, ondoren, manifestazioa egin zuten Untzaga plazaraino, "Etxebizitza ez da negozioa" lelopean.

ELA sindikatuak Deba eskualdeko ordezkarien asanblada orokorra egin zuen joan zen asteazkenean Eibarko Armeria Eskolan. 150 pertsona inguru elkartu ziren bertan, azaroaren 11n egingo den greba orokorra sozializatzeko eta etxebizitzaren auziaren inguruko aldarrikapenak lantzeko.

Asanbladan, etxebizitzaren problematikaren gakoak aztertu zituzten, baita ELA sindikatuak gai horren inguruan dituen proposamenak eta orain arte egindako lana ere. Sindikatuak nabarmendu duenez, "etxebizitzaren auzia ez da aldarrikapen berria ELAren agendan, eta borroka horren oinarriak aspalditik datoz".

Horrez gain, Euskal Herrian azken hamarkadetan egindako greben errepasoa egin zuten, eta grebak antolatzeko Euskal Herriko marko propioaren garrantzia azpimarratu. Azkenik, azaroaren 11ko greba orokorraren inguruko xehetasunak azaldu zituzten.

Manifestazioa Untzaga plazaraino

Asanbladaren ostean, manifestazioa egin zuten Armeria Eskolatik Untzaga plazaraino, "Etxebizitza ez da negozioa" lelopean. Etxebizitzaren inguruko aldarrikapenez gain, ITV-ITASUA enpresako langileek ere beren borrokaren berri eman zuten.

Izan ere, enpresa horretako langileek 109 greba egun daramatzate, eta asanbladan hitza hartu zuten euren egoera eta aldarrikapenak azaltzeko. Manifestazioan ere euren aldarrikapen propioak plazaratu zituzten.