Grebaren bitartez aldarrikatuko dute espekulazioa "debekatu" behar dela eta etxebizitza eskubidea dela, eta "ez negozioa", eta, horrekin batera, eskatuko dute gutxieneko soldatak 1.500 eurokoa izan behar duela –aurtengo martxoaren 17ko greba orokorrean ere halaxe eskatu zuten–. Sindikatuek Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua interpelatu dituzte, etxebizitzaren arloan "eskumen zabalak" dituztelako, eta patronala, Confebask eta CEN, "langile klasearen prekarizazioa betikotzen dutelako". Debarroko ELAk, LABek eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistak bere aldetik ere dei egin diete debabarrendarrei greba orokorrarekin bat egin eta eskualde mailan eta herriz herri antolatuko dituzten mobilizazioetan parte har dezaten.
Eguerdian Eibarren eta arratsaldean herrietan
Mobilizazio nagusia, eskualde mailakoa, asteazken eguerdian egingo dute Eibarren. 11:30ean, bi zutabe abiatuko dira hiriko bi lekutatik, bata, Uni Eibar-Ermuatik eta bestea, Urkizutik, eta bi zutabeak Untzaga plazan elkartuko dira eguerdiko hamabietan. Handik elkarrekin manifestazioan abiatuko dira Eibarko kaleetan barrena. Arratsaldean, mobilizazioak herrietan egingo dira. 18:00etan, Etxebizitza Sindikatu Sozialistak mobilizazioak deitu ditu Ermuan, Eibarren eta Deban. Horrez gain, beste herri batzuetan ere antolatuko dituzte mobilizazioak, esaterako, Soraluzen, kasu horretan, herriko greba batzarrak deituta.