Herriko langabe bat kontratatuko du Mendaroko Udalak peoi lanetarako

Barren.eus 2020ko azaroaren 27a

Udalak langile bat kontratatuko du peoi posturako. 16 eta 30 urte bitarteko gizonezkoak zein emakumezkoak aurkeztu daitezke lanpostu deialdira.

Honakoak dira lanpostura aurkezteko baldintzak: ezinbestekoa da 16 urte baino gehiago eta 30 baino gutxiago izatea. Enplegu-eskatzaile izan behar dute, alta egoeran, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan, eta bete behar duten lanpostuari dagokion hezkuntza-maila izan behar dute. Gazteen Bermerako Sisteman inskribatuta egon behar dira aurkezten diren pertsonak eta baita Mendaron erroldatuta ere.

Aukeraketa prozesuan kontuan izango dira, hala nola, heziketa maila (ikasketa ziurtagiria), B motako gidabaimena edukitzea, euskara ezaguera, eraikuntzan segurtasun formakuntza, EPISen erabilpenaren ezagutza eta euskara edo gaztelera hitz egitea.
Behin behineko kontratua eskaintzen du Mendaroko Udalak, 8 hilabeterako, lanaldi osoan.
Lan eskaintzara aurkezteko, Lanbidek Elgoibarren duen bulegoan bete behar da eskaera, eta azaroaren 30a izango da azken eguna. Informazio gehiagorako telefonoa: 943 023 845.