Herriguneko kaleak ibilgailuentzat itxita egongo dira barikuan eta zapatuan

Barren.eus 2020ko irailaren 30a

Herriko kasko historikoa, San Frantzisko, San Bartolome, Errosario eta Santa Ana kaleak itxita egongo dira urriaren 2an eta 3an, Txankakuaren Stock Kale Azokan dela-eta.

Maalako parkean egin izan ohi duten Txankakuaren stock azoka denden atarietan egingo dute aurten, jende pilaketak sahiesteko. Hori dela-eta, Elgoibarko Udalak herrigune historikoko kaleak (San Frantzisko, San Bartolome, Errosario eta Santa Ana) motordun ibilgailuentzat itxiko ditu azokak iraun bitartean, barikuan eta zapatuan. Azoka 10:00etatik 13:00etara eta 17:00etik a 20:00etara egingo dute.

Elgoibarko Udaletik nabarmendu dute Stock Kale Azoka herriko ekonomia suspertzeko abian jarritako txoke planaren ildotik doan ekintza dela. "Erosketak sustatu eta udalerriaren erdigunea dinamizatzea du xede, merkataritzako ordutegiaren barruan, erakargarriagoa eta atseginagoa izango den gune bat lortzeko". Gauzak horrela, Kaleko Azoka arrakastatsua, eta bidenabar, onuragarria izan dadin, ezinbestekoa izango da saltokien laguntza, beraz, Udalak dendari guztiak parte hartzera gonbidatu ditu, euren produktuak kalera atera eta ezagutzera emateko. Era berean, udal arduradunek tokiko komertzioetan kontsumitzera animatu dituzte herritarrak.