Brigada Improductiva eta Egurra Ta Kitto taldeen kontzertua Sutegixan

Barren.eus 2016ko apirilaren 15a

Elgoibarko Sutegixa Gaztetxea ska eta rock musikaz jantziko dute Brigada Improductiva iruindarrek eta Egurra Ta Kitto azpeitiarrek zapatuan.

Brigada Improductiva 2007an sortu zenetik, ska-rock erritmoak folkaren alaitasunarekin nahastu ditu emanaldi bakoitzean musika eta festa zabalduz eta Sutegixa gaztetxera ere jai giroa ekarriko du zapatuan (apirilak 16). 22:30ean hasiko da iruindarren emanaldia. Zazpikote honek entzuleekin bat eginda musika adoretsu eta letretako mezu kritikoarekin gozatzea eta gozaraztea du helburu.

•Egurra ematera

Egurra Ta Kitto Azpeitiko ska-punk taldea eszenatokian egurra banatzeko prest etorriko da. Taldean hainbat aldaketa egin zituzten eta indarberrituta arituko dira eszenatokian. Ska doinuak alde batera utzi gabe, punk-rock doinuetan sakondu dute kantu berrietan aldarrikapen eta salaketa hitz zorrotzekin. Kontzerturako sarrerak gaztetxean bertan egongo dira salgai 5 eurotan.

Tierra y Libertad filmaren emanaldia

Sutegixan antolatzen dituzten zine emanaldien barruan, Tierra Y Libertad filma eskainiko dute gaur (apirilak 15) gauean, 21:30etik aurrera. Espainiako gerra zibilean girotuta dago Ken Loach zinemagile ingelesak 1995ean eginiko gerra drama. George Orwell ingeles idazlearen Kataluniaren Omenez eleberrian oinarritua dago.