
Kanpainaren erdira ailegatuta, orain arteko emaitza jakinarazteko agerraldia egin dute aste honetan, Jone Miren Goenaga Platerueneko lehendakariak eta Nerea Iriarte zuzendaritza batzordeko kideak (ondoko argazkian). Jakinarazi zutenez, diru ekarpen kanpainagaz lortu beharrekoaren laurdena eskuratu du Plateruenak.
Katamalo taldearen diskoen salmenta, Kafe Antzokiaren etorkizuna ziurtatzeko bide bat gehiago da. Gotzon Barandiaran taldekideak azaldu duenez, Plateruenak diru ekarpen kanpaina abian jarri zuela jakin zutenean erabaki zuten euren “ekarpen xumea” izan zitekeela Plateruenan emandako kontzertu hartako grabazioaren eskubideak Plateruenari eskaintzea, eta horren salmentatik ateratako dirua Plateruenera bideratzea, “bidelagun izan ditugunei laguntzeko”. Barandiaranek azpimarratu du, duela hamar urte sortu zenetik, Durangoko kafe antzokia beti egon dela Katamalo eta antzeko proiektuekin inplikatuta.

Tokikomeko hedabideek bat egin dute Katamaloren diskoaren salmenta kanpainarekin, tartean BARREN aldizkariak. Hortaz, BARREN aldizkariaren erredakzioan (Kalebarrren, 2) eta Elgoibarko Izarraren bulegoan (Ubitarte, 4) eskuratu ahal izango da Katamaloren diskoa, esklusiban. Zortzi euroren trukean eskuratu daiteke.