
Azaroaren 22an da Santa Zezilia eguna, eta horren harira, kalera irtengo dira Elgoibar ikastolako haurrak barixakuan (azaroak 21). Kalegoen plazan batuko dira 8:30ean, eta handik ikastolara arteko bidea egingo dute elkarrekin. euria egiten badu ikastolan bertan egingo dute saioa arratsaldean.
•Santa Zeziliaren omenezko ekintzak
Hainbat ekintza antolatu dituzte Elgoibarren eta Mendaron Santa Zeziliaren harira. Gaur (azaroak 20) kontzertua eskainiko dute Inazio Bereziartua musika eskolako ikasleek eta musika taldeek Inazio Bereziartua musika eskolako auditorioan. 19:30ean hasiko da kontzertua. Amaieran diploma banaketa egingo dute (ikus egitaraua - PDF). Mendaroko Ameikutz musika eskolakoak ere gau irtengo dira kalera, musika eskolako koral taldeak eta trikitilariak, hain justu ere. Herriko Enparantzan eskainiko dute saioa, 19:00etan hasita.
Barixakuan, berriz, trikiti doinuek hartuko dituzte Elgoibarko kaleak, kalejiran ibiliko dira-eta musika eskolako akordeoi eta pandero joleak, 18:30ean hasita.
•Udal Musika Bandaren Santa Zeziliako Kontzertua
Elgoibarko Udal Musika Bandak Santa Zeziliako kalejira eta kontzertua eskainiko du Santa Zezilia biharamunean, domekan. Kalejira 9:45ean hasiko da eta 12:30ean kontzertua, Herriko Antzokian. Txomin Mujikak zuzenduko duen kontzertuan bost pieza joko dituzte: Campo de Rosas (Miguel G. Bastida), Pacific Dreams (Jacocob de Haan), Hooray For Hollywood (F. Cesarini) eta Malagueña(E.Lecuona). Kontzertu horretan, gainera, hil ondorengo omenaldia eskainiko diote hil berri den Julian Iriondori, bandako zuzendaria izan baitzen hainbat urtean. Hain zuzen, hil diren bandako kideen (Bittor Alberdi, Juan Cordero eta Julian Iriondo) omenezko meza ospatuko dute zapatuan, Santa Zezilia egunean, San Bartolome parrokian (19:00).