Euskal Herriko Musika Eskolen Elkarteak, EHME-k, aurten ere, Musikalean ekimena prestatu du musikarien zaindariari gorazarre egiteko. Izenak dioen bezala, musika kalera atereaz ospatu nahi dute Santa Zezilia. Hala, Inazio Bereziartua musika eta dantza eskolako txaranga kalejiran irtengo da eguaztenean (azaroak 19), 19.00etan. Barixakuan, berriz, trikiti doinuek hartuko dituzte Elgoibarko kaleak, kalejiran ibiliko baitira akordeoi eta pandero joleak (goiko argazkian), 18:30ean hasita. Mendaroko Ameikutz musika eskolakoak eguenean irtengo dira kalera, musika eskolako koral taldeak eta trikitilariak, hain justu ere. Herriko Enparantzan eskainiko dute saioa, 19:00etan hasita.
Eguenean, hilaren 20an, kontzertua eskainiko dute musika eskolako ikasleek eta musika taldeek Inazio Bereziartua musika eskolako auditorioan. 19:30ean hasiko da kontzertua. Amaieran diploma banaketa egingo dute. (ikus egitaraua - PDF)

Elgoibar Ikastolako Lehen Hezkuntzako haurrak azaroaren 22an, barixakuan, irtengo dira kalejiran. Kalegoen plazan batuko dira 8:30ean, eta handik Ikastolara arteko bidea egingo dute elkarrekin. Euria egiten badu Ikastolan bertan egingo dute saioa arratsaldean.