Gaur hasiko dira Santa Zeziliaren omenezko ekitaldiak

elgoibarren.net 2013ko azaroaren 21a

Urtero legez, musikarien zaindariaren omenez hainbat ekitaldi antolatu dituzte Elgoibarren. Gaur, hilak 21, Inazio Bereziartua musika eta dantza eskolako ikasleak kalejiran irtengo dira 18:45ean, eta ondoren, 19:30ean kontzertua eskainiko dute musika eskolan bertan. Bihar, berriz, Elgoibar Ikastolako umeak irtengo dira kalera, Santa Zeziliaren omenez.

 

Elgoibar Ikastolakoen kalejira, 2012an.

Ikastolako ikasleak 8:30ean batuko dira bihar (azaroak 22) Kalegoen plazan eta handik ikastolara arteko bidea egingo dute, instrumentuak joaz.
  Zapatuan, berriz, Udal Musika Bandako hildako musikarien omenezko meza izango dute, 19:00etan, San Bartolome parrokian, eta etzi kontzertu berezia eskainiko du Udal Musika Bandak, Herriko Antzokian (12:30). Bost pieza joko dituzte: S.loperen Valencia pasodoblea, Demerssemanen Fantasia para saxo alto, A.Borodinen El Principe Igor, N.Iwairen American graphity eta J.P. Moncayoren Huapango.