Diru laguntzak emango ditu Udalak enpresetan euskararen erabilera bultzatzeagatik

elgoibarren.net 2007ko azaroaren 9a

Elgoibarko Udaleko Euskara Batzordeak, Ardatza egitasmoaren baitan, euskara planak diseinatu edo eta abian jartzen dituzten enpresei ematen dizkien diru-laguntzak arautu ditu.
Euskara planak abian jartzen dituzten enpresek hamabost eguneko epea izango dute diru-laguntza eskaera egiteko.

Diru-laguntza horiei buruzko iragarkia, gaur, azaroaren 9ko, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean (GAO) argitaratu da. Horren harira, euskara planak abian jarri dituzten enpresek hamabost eguneko epea izango dute Elgoibarko Udalari diru-laguntza eskatzeko.
 
Diru-laguntza eskaerak egiteko:
Diru-laguntza horien xedea da Elgoibarko enpresak, 2007 urtean, euskararen erabilera bultzatzeko planak diseinatzera edota martxan jartzera animatzea.

Horiek horrela, euskara planak abian jartzen dituzten enpresei, gehienez ere, 2.000 euroko diru-laguntza emango die Udalak. Diru-laguntza hau, helburu berbererako, Eusko Jaurlaritzak ematen duen diru-laguntzaren osagarri izango da. Era berean, Elgoibarko Udalak ez du, inola ere, diruz lagundu daitezkeen gastuen %70 baino gehiago ordainduko.
 
Horretaz gain, diru-laguntza hauek eskuratzerako orduan, lehentasuna izango dute euskara planak estreinakoz abian jartzen dituzten enpresek.

Diru-laguntza hauek jaso ahal izateko, besteak beste, ezinbestekoa izango da Eusko Jaurlaritzan euskara plana abian jarri ahal izateko diru-laguntza eskaera aurkeztuta edukitzea.

Diru-laguntza hauei buruzko arauak eta diru-laguntza eskabidea egiteko inprimakia Elgoibarko Udaleko Euskara Sailean daude eskuragai.

Informazio gehiago eskuratu nahi duenak Euskara Sailera jo dezake (943 74 43 66, euskara@elgoibar.org).