Kalejira iragarri dute goizerako (10:00), eta 13:00etan kontzertua emango dute Elgoibarko Herriko Antzokian. Azken urteotako ohiturari jarraituz, aurten ere gonbidatu berezi bat izango dute: Ruben Simeó tronpeta jolea (Vigo, Galizia, 1992). Umetan hasi zen Simeó tronpeta jotzen. Etxetik datorkio musikarako zaletasuna, aita eta osaba ere tronpeta joleak dituelako. Musika klasikoaz harago, hainbat musika talde ezagunen bertsioak joko ditu bihar, Elgoibarko musika bandarekin. Antolatzaileek azpimarratu dutenez, Simeok 60 antzokitik gora bete zituen iaz eman zituen emanaldietan, "antzokiak bete eta jendea dantzan jarri", zehaztu dute.
Noiz eta nola hasi zinen tronpeta jotzen?
Gure familian musikarako zaletasun handia dago. Aita tronpeta irakaslea da, eta osabek ere tronpeta jotzen dute. Umeek normalean gehiago aukeratzen dituzte pianoa, saxofoia edota biolina, baina badirudi nire patua tronpeta jole izatea zela. 7 urte nituela hasi nintzen tronpeta jotzen, eta eskolaz kanpoko ordu guztiak eskaintzen nizkion tronpetari. Hiruzpalau orduz egoten nintzen arratsaldero tronpeta jotzen, baina niretzat ez zen lana. Nire logelan sartzen nintzen praktikatzera, eta gozatu egiten nuen. Niretzat sekula ez da esfortzua izan tronpeta jotzea; guztiz kontrakoa: gozamena da. Gaur egun ere halaxe jarraitzen dut. Hemen ez dago sekreturik, orduak sartzea da kontua.
10 urterekin egin zinen mundu osoan ezagun. Nola izan zen?
10 urte nituela RTVEk ematen duen urte berriko kontzertuan parte hartzeko aukera eman zidaten. Badirudi nire berri izan zutela. Galizian tronpetarekin arrakasta izaten ari zen ume bati buruzko informazioa iritsi zitzaien antolatzaileei eta kontzertura gonbidatu ninduten. Madrilgo auditorio nazionalean izan zen kontzertua, eta izugarria izan zen. Kontzertu horretan parte hartu zuen historiako bakarlari gazteena izan nintzen. Kontzertu horrek audientzia handia izaten du, bai Espainian eta baita atzerrian ere, eta ordutik, munduan zehar ibili naiz kontzertuak ematen.
Kontzertu haren ondotik, hainbat disko ere grabatu dituzu.
Kontzertu haren ondoren Txinatik eta Japoniatik egin zizkidaten eskaintzak herrialde haietan kontzertuak emateko, eta eszenatoki askotan ibili naiz tronpeta jole bakarlari moduan. Gerora, zazpi bat disko grabatu nituen Tokion. 10 urterekin zabaldu zitzaizkidan musikari izateko ate guztiak. Bizitzak eman zidan aukera aprobetxatu nuen, eta honetan dihardut. Egia esan, ez nuen gehiegi pentsatu beharrik izan, eta sekulako zortea izan da hori niretzat.
Zertan diharduzu gaur egun?
20 urtean aritu naiz munduan zehar kontzertuak ematen. Estatu Batuetan, Txinan edota Japonian askotan ibili naiz, baina beti musika klasikoaren bueltan. 31 urte nituela, baina, nire jardunari beste buelta bat ematea erabaki nuen. Musika klasikoaren alorrean ia dena jorratuta neukala konturatu nintzen, eta umetatik neukan amets bat gauzatzea erabaki nuen. Musika klasikoaz harago, nire bidaietan entzun izan dudan musikari lekua egin nahi nion nire jardunean, eta hori lantzen hasi nintzen. Bon Jovi, Abba, Enyo Morricone... asko entzun izan ditut talde horiek hegazkinean, hoteletan, kamerinoan... Musika horri lekua eginez osatu dut nire azken emanaldia, eta lan hori plazaratzen dihardut orain antzokietan. Musika komertziala da, ezaguna, eta nire helburua da tronpetaren aldaera berriak ezagutzera ematea musika horri esker. Ikuslea harritzen duen ikuskizuna da, eta antzokira gerturatzen direnek benetan gozatuko dute.
"Bon Joviren Livin' on a Prayer abestia jotzen dugunean, esaterako, publiko guztia topera jartzen da kantuarekin. Enyo Morriconek filmeetako soinu banda asko dauzka, eta horietako batzuk ere joko ditugu".
Zer eskainiko diguzu biharko kontzertuan?
Talde ezagunen abestiak eskainiko ditugu. Oso ondo funtzionatzen duen ikuskizuna da. Duela gutxi egon naiz Gasteizen ere, eta aretoa bete egin genuen. Bon Joviren Livin' on a Prayer abestia jotzen dugunean, esaterako, publiko guztia topera jartzen da kantuarekin. Enyo Morriconek filmeetako soinu banda asko dauzka, eta horietako batzuk ere joko ditugu. Ikusleentzat oso kontzertu atsegina izango da, abestiak oso ezagunak direlako.
Nola suertatu zaizu Elgoibarko Udal Musika Bandarekin jotzeko aukera?
Juanma Saezen bitartez izan nuen Elgoibarko Udal Musika Bandaren berri. Gaur iritsiko naiz Elgoibarrera eta gaur ezagutuko dut banda, baina esan didatenez, sekulako musikariak dituen banda da. Azken hilabeteotan harremanetan ibili gara, eta badakit eurek entsegutan ibili direla biharko errepertorioa prestatzen. Nik bidali nizkien partiturak. Kanta oso ezagunak dira, eta bandarako zuzenketak nire aitak egin ditu. Gaur gauean egingo dugu azken entsegua denok batera, eta seguru nago dena ondo irtengo dela. Esan didate Elgoibarko musika bandak jarraitzaile asko dituela eta aretoa bete egingo dela ziurrenik. Niri izugarri gustatzen zait kontzertuak ematea, eta zenbat eta jende gehiago ikusi aurrean, orduan eta gehiago gozatzen dut. 10 urte nituenetik nabil kontzertuak ematen, eta niretzako kontzertuak ematea ia jatea bezain ohikoa da. Ilusio handia daukat biharko, eta seguru nago jendeari gustatuko zaiola.
33 urte besterik ez, eta badirudi dena egina daukazula. Zer geratzen zaizu egiteko?
Loteria tokatzea bakarrik falta zait! Ez, txantxa da. Niretzako hau izan da tokatu zaidan loteriarik onena. Gustuko duzuna egitetik bizitzea baino loteria hoberik ez dago. 7 urterekin sartu nintzen musika eskolan, eta 33 urterekin musikari profesionala naiz. Ahal dudan bitartean horrela segitzea da nire ilusioa.