Bederatzi gaztaren artetik aukeratuko dute urteko ardi-gaztarik onena Gabon Zahar ferian

Asier Orbea Ostolaza 2025eko abenduaren 18a

Kalamua elkarteko eta Udaleko ordezkariak gazta lehiaketa aurkezteko ekitaldian. BARREN

Urtean zehar txapelketaren bat irabazi duten gaztek hartuko dute parte Kalamua elkarteak eta Elgoibarko Udalak antolatzen duten txapelketan.

Gaur goizean aurkeztu dute gazta txapelketaren 17. aldia izango dena Elgoibarko udaletxean, eta berton eman dituzte ezagutzera Gabon Zahar Feria barruan egingo duten lehiaketako partaideak zein izango diren. 

2025ean antolatutako eta Jatorri Izendapeneko Kontseilu Erregulatzaileak araututako ardi-gazta lehiaketaren batean irabazi duten gaztagileek parte har dezakete txapeldunetan txapeldunena aukeratzeko lehiaketa horretan, eta aurten bederatzi izango dira lehian sartuko diren gaztandegiak:

  • La Leze –Debako eta Ordiziako irabazlea–
  • Kortaria –Bilbo, Elgoibar, Uharte-Arakil eta EHTko irabazlea–
  • Zabaleta –Azpeitiko irabazlea–
  • Mausitxa –Araiako irabazlea–
  • Barandiaran –Plentziako irabazlea–
  • Insausti –Legazpiko irabazlea–
  • Olano –Aguraingo irabazlea–
  • Ricardo Remiro – Gernikako irabazlea–
  • Bostibaieta –Eibarko irabazlea–
Remiroren itzulera

Txapelketa 11:30ean hasiko da udaletxeko pleno aretoan, eta eguerdi alderako jakinaraziko dute txapeldunaren izena. Irabazle bakarra egongo da, eta 1.500 euro eta garaikurra jasoko ditu.

Iazkoan Kortariko Infernuko gaztak (Lekaroz, Nafarroa) aurkeztutako gaztak irabazi zuen txapelketa, hirugarrengoz irabazi ere, 2018koan eta 2019koan ere gailendu baitzen. Kalamua Elkartetik azaldu dutenez, Kortarikoek 20 gazta ekarri beharko dituzte aurtengoan, aurreko urteko irabazleei dagokioen moduan. Epaimahai lanetan arituko diren zortzi lagunei gazta bana oparituko diete, lanaren ordainetan, eta gainerakoak pleno aretora gerturatzen diren herritarren artean banatuko dituzte. Lehiaketan parte hartuko duten gaztagileek gazta bakarra aurkeztu beharko dute lehiaketara. Ricardo Remiro gaztagilearen izena nabarmendu dute Kalamuakoek gaur egin duen aurkezpenean, txapelketa honetako lehen bi edizioak irabazi ostean etorri gabea zela-eta. Azken urteetan moduan, hutsik egingo ez duena Mauxitxa izango da. Araiako gazta lehiaketa irabazita lortu du txapeldunen txapelduna aukertatzeko lehiaketan egoteko eskubidea. 

Kortariako gaztak irabazi zuen 2024ko lehiaketa. BARREN