Elgojaiotza elkarteak 45 urte bete ditu, eta, koronabirusaren pandemia urteko debekuak indarrean zeuden urtean izan ezik, gainerakoetan urtero jarri dute Gabonetako jaiotza San Bartolome parrokian. Anton Zabaleta taldeko beteranoenak eta Jose Angel Rodriguez taldeko kide berrienak eman dizkigute jaiotzari buruzko azalpenak, eta atzean dagoen lan guztia.
Gaur egun ezagutzen dugun jaiotza 1979an hasi zen mamitzen. Azpeitian ordurako jartzen zuten jaiotza, eta handik ekarri zuten ideia Elgoibarrera. Anton Zabaletak, Antonio Barrenetxeak, Patxi Avinzanok eta Jose Luis Eizagirrek azaldu zioten egitasmoa Karlos Agirre orduko parrokoari, eta hark eman zien baimena jaiotza parrokiako sakristian jartzeko. Hurrengo urte osoa eman zuten lanean. Anton Zabaletak bere aitaginarrebari eskatu zion laguntza ur-errota mugimendudun bat sortzeko, eta ondo gogoan dauka zenbat ordu eman zituzten pieza hura sortzen: "Amaginarrebak ere esan zidan lan hura beste ezer ez zeukala senarrak buruan".
Baliabide gutxirekin baina ilusio handiz egin zuten lehenengo jaiotza, eta, jendaurrean erakusteko egunaren bezperan, jaiotza kokatuta zeukaten egurrezko euskarria behera etorri zen. Konpondu zuten nola-hala, eta inauguratu zuten jaiotza. Harrera bikaina izan zuen.
Berrikuntzak urtero
72 bat piezak daukate mugimendua gaur egun, eta urtero pieza berriren bat sartzen saiatzen dira. Horretarako, beste piezaren bat kendu behar izaten dute, eta horrek ematen dizkie buruhausteak, pieza guztiak oso kuttunak dituztelako. Mimoz prestatzen dute dena, eta detaile guztiak zorrotz zaintzen dituzte. Gaua eta eguna bereizten ditu jaiotzak. Gauez izarrak pizten dira, 1.300 izar baino gehiago, eta izar bakoitza zuntz optiko kable batek pizten du. Txantxak ere egin izan dituzte izarren kontura. "Zenbat izar dauden asmatzen dituenari Belaustegin afaria ordainduko diogula ere esan izan diogu noizbait", azaldu dute.
Udako oporrak amaitu eta berehala hasten dira lanean, eta, abendura bitartean, 21:00etatik 23:00etara biltzen dira egunero. Oinarria urte osoan prest izaten dute, piezak estalita uzten dituzte ez hondatzeko, baina urtero izaten dute zeregina, eta, dena prest dutela pentsatzen dutenean ere, ezustekoak izaten dituzte sarri.
Irekiera, abenduaren 20an
Bihar (abenduak 20) zabalduko dute lokala, eta San Anton egunera arte egongo da jaiotza ikusgai. Iaz 15.000 ikusletik gora zenbatu zituzten, asko kanpotik etorritakoak, propio Elgoibarko jaiotza ezagutzera. Egunik jendetsuena Gabon Zahar Feria eguna izan zen.
ORDUTEGIA:
- Astelehenetik barikura 17:00-20:00
- Zapatuetan, jai bezperan eta jaiegunetan: 10:00-13:00 eta 17:00-20:00
- Gabon Zahar Feria Egunean: 10:00-20:00
