Iñigo Larizek hirugarren postua lortu du Bolunburu Krosean

Asier Orbea Ostolaza 2025eko abenduaren 19a

Bolunburu krosaren 74. ekitaldia jokatu zuten domekan Arraten, eta postu aipagarriak eskuratu zituzten Mintxeta Atletismo Taldeko kideek. 

Kros beteranoa da Arraten jokatzen dutena, 74. edizioa izan baita aurtengoa. Berritasun nagusi bat eduki du aurten, antolatzaileek ibilbidean eginiko aldaketa hain zuzen, 1970eko hamarkadan erabiltzen zuten ibilbidea berreskuratu baitute. Eibarko Klub Deportibokoek adierazi dutenez, aldaketarekin nahi izan dute atleten zein ikusleen hurbiltasuna eta erosotasuna hobetzea, orain Arrateko zelaia baita krosaren gune nagusia.

Guztira 300 atleta inguru lehiatu ziren hainbat kategoriatan. Senior gizonezkoetan Julen Teran ebartarra izan zen azkarrena. Aurreko astean Gipuzkoako Kros txapelketa irabazi zuen Teranek, eta herriko proban ere bera izan zen indartsuena. Deporreko ordezkariak 22 minutu eta 47 segundoan osatu zuen proba. Bingen Aranbarri (Azk eta Azp Xeye Ake) sailkatu zen bigarren postuan, eta Mintxeta Atletismo Taldeko Iñigo Larizek osatu zuen podiuma, hirugarren postuan helmugaratuta. Iker Arrillaga eta Markel Amutxastegi elgoibartarrak ere aurreneko postuetan sailkatu ziren; seigarrengoan Arrillaga (24’43) eta 14. postuan Amutxastegi.

Emakumezkoetan Goierri Garaia taldeko Ainhoa Sanz urretxuarra gailendu zen (25’26 min) eta Haizea Solaun (20’29 min) izan zen txapeldunordea. 

Infantil mutilen mailan ere laga zuen arrastoa Mintxetako ordezkari Unax Santosek; 11. postua eskuratu zuen (9’11) gazte elgoibartarrak.

Hona Mintxetako antxitxikarien argazkiak, taldeak utziak: