Txankakuaren txu-txu trena ibiliko da gaur Elgoibarko kaleetan

Ainhoa Andonegi Alonso 2025eko abenduaren 22a

Txankakuaren Gabonetako kanpainaren barruan, txu-txu trena ibiliko da gaur Elgoibarko kaleetan zehar. Otarren zozketa ere gaur egingo dute. 

Gabonetako kanpaina antolatu du aurten ere Txankakua merkatari elkarteak herriko komertzioa sustatzeko, eta horren barruan hainbat ekimen egingo ditu. Gaur, txu-txu trena ibiliko da herrian zehar, goizez zein arratsaldez. 11:00etatik 13:30era ibiliko da goizean, eta 17:00etatik 19:30era arratsaldean. Kalegoen plazan hartu beharko da, eta herriko alde zaharrean zehar egingo du itzulia. 

Horrez gain, zazpi otar zozkatuko dituzte gaur. Abenduan zehar Txankakuaren dendetan erosketak egin dituzten herritarrak sartu dira otarren zozketan, eta gaur aterako dituzte irabazleak. 

Hala ere, merkatari elkartearen saririk handiena urtarrilean iritsiko da: Txankakua elkarteak 3.000 euro banatuko ditu saritan. Urtarrilera bitartean Txankakuaren dendetan erosketak egiten dituzten herritarrek boletoak eskuratuko dituzte eta urtarrilaren 7an egingo dute zozketa. 500 euroko hiru erosketa bono eta 100 euroko beste zazpi banatuko dituzte.