Anbulantzia medikalizatuetako langileak subrogatzeko exijitu du ELAk, urtarrilaren 7an zerbitzua publiko egiten denean

Ainara Argoitia Arano 2025eko abenduaren 30a

Tolosako eta Elgoibarko anbulantzia medikalizatuen kudeaketa bere gain hartuko du Osakidetzak urtarrilaren 7tik aurrera, baina langileek salatu dute ez daudela bermatuta beren lanpostuak. Hala, zerbitzua Osakidetzaren menpe gelditzen denean, langileak subrogatzeko exijitu du ELAk gaur goizean Donostian eman duen prentsaurrekoan.

Egun, zerbitzu hori azpikontratatuta dago eta Ambulancias Gipuzkoa enpresak kudeatzen du, Tolosako eta Elgoibarko larrialdietako anbulantziekin. 36 pertsonak egiten dute lan bertan; medikuek, erizainek eta osasun-garraioko teknikariek. Publiko egin nahi du orain zerbitzua Eusko Jaurlaritzak, baina ELAren arabera, orain arte bertan dauden langileak subrogatu gabe.

Langileek garbi utzi nahi dute zerbitzua publiko egitearen alde daudela, baina ez euren kaleratzeen kontura: “Gipuzkoako anbulantzien zerbitzua publiko egitea ezin da ezkutuko EEE Lan Erregulaziorako Espediente bihurtu, eta ezin da lan-eskubiderik urratu kudeaketa publiko baten aitzakian”. Gaixoen eta Istripua izan dutenen Garraioari Buruzko Euskadiko Hitzarmen Autonomikoaren 12. Artikuluari egin dio erreferentzia ELAk, eta nabarmendu du titulartasuna edo zerbitzuaren kudeaketa aldatzen denean, enpleguari eta lan baldintzei eutsi behar zaiela dioela legeak eta, beraz, langileek euren lanpostua mantendu behar dutela.

Indarrean dagoen hitzarmen kolektiboa betetzeko exijitu die ELAk Osakidetzako arduradunei eta Tolosan eta Elgoibarren zerbitzua ematen duten langile guztiak subrogatzea. Salatu dutenez, ELAko hiru ordezkariek hilabeteak daramatzate "informazioa, elkartarrizketa eta gardentasuna" eskatzen aldeei, Osakidetzako arduradunei eta enpresakoei, baina prozesua “aldebakarrekoa eta opakoa” izan da. Salatu dutenez, azken mahai sektorialean ez zieten aldaketen berri eman, eta jai egunotan prozesua bizkortzea egotzi diete agintariei,  langileen ordezkariek zailagoa izan dezaten erantzuteko.