Urteko azken egunean egingo ditu azken bi igoera horiek, eta nahi dutenek harekin batera egiteko aukera izango dute. Goizean goiz egingo ditu azken igoerok, 08:30ean eta 10:30ean. Txarridunako biribilgunetik abiatuko da bietan, eta CATT Morkaiko taldekoek igoera horietan parte hartzera animatu dituzte herriko mendizaleak. Urte osoan zehar, eta bereziki azken asteetan, lagunen laguntzarekin egin ditu Fernandezek makina bat igoera; eta laguntzaile fidelenek agindu dutenez, ongi-etorri beroa egingo diote tontorrean, 365. igoera osatzen duenean. Omenaldi txiki hori 12:00etan izango dela jakinarazi dute. Ekimen xume baina hunkigarria izango dela aurreratu dute eta urteari Karakate puntan agur esateko aitzaki polita ere badela uste dute.
Edonola ere, Fernandezek kalean ere jasoko du aitortza, San Silbestre lasterketako sari banaketa ekitaldian ere izango baitute gogoan. Erronka osatu izanagatik diploma ofiziala jasoko du Morkaikoren eta Euskal Mendizale Federazioaren eskutik. 18:00ak inguruan izango da.