Elgoibarkoa CATT Morkaiko taldeak antolatzen duen hirugarrengo San Silbestre lasterketa herrikoia izango da aurtengoa: abenduaren 31n, 17:00etan.
Iaz moduan, Nuala elkarteko kideek gidatuko dute lasterkarien tropela, neutralizatua izango den lehen itzulian (Kalegoen plazatik hasi, San Bartolome kalean gora Kalebarreneraino eta berriro plazara itzultzeko, Errosario kalean behera). Jarraian hiru itzuli handi eman beharko dizkiote iazko ibilbide berdinari. Guztira, 5 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute Elgoibarko kaleetan barrena.
Ez da kronometrajerik edo sailkapenik egongo. Hala ere, gizonezko eta emakumezko azkarrenek, podiuma osatuko dutenek, garaikurrak jasoko dituzte. Dortsalekin batera, 'Korrikalariaren poltsa' ere banatuko dituzte, hainbat produkturekin eta oroigarrizko jantzi batekin osatua. Helmugaratzean, berriz, Lizagasar Sagartokiari esker, opari bat ere jasoko dute antxuitxikariek. Era berean, parte hartzaileen artean opariak ere zozkatuko dituzte, Txankakuaren eta Txarridunaren, Kirol Patronatuaren, Udalaren, Morkaikoren eta Lizagasarren laguntzari esker.
Dortsalen banaketa 15:00etatik 16:45era egingo dute. Hainbat ohar ere jakinarazi dituzte antolatzaileek, besteak beste, ez dela dutxatzeko aukerarik egongo, ez eta konsignarik ere. Sari banaketa ekitaldia 18:15ean hasiko dute.