Gabonzahar gauean, hamabiak jotzean kanpaikadekin batera hamabi mahats ale jatea da ohitura zabalduenetako bat inguruotan, 18. mendetik datorren ohitura bat ei da hamabi mahatsak jatearena, baina badira bestelako tradizioak ere. Mahatsen ordez bestelako frutak aukeratzen dituztenak daude, eta baita fruitu lehorrak edo olibak nahiago dituztenak ere. Famila bakoitzak bere ohiturak eta ñabardurak ditu. Irudiotako elgoibartarrek duten ohitura ezin uka berezia denik. Kalegoen plazara joaten dira urteko azken gaueko hamabietako kanpaikadak entzutera, plater bat eskueta dutela, eta kanpaikadekin batera frontiserantz jaurtitzen dituzte platerak. Gero, elkarrekin abestu eta dantzatzen dute plazan. Danimarkan ere ba ei dute antzerako tradizioa. Han, etxetako ateen aurka jaurtitzen dituzte platerak, haien tradizioaren arabera, zorte onari dei egiteko modua dela-eta; zenbat eta pusketa gehiago pilatu bizilagunen ate aurrean, handiagoa izango da haientzako zoriona.
Gabonzahar gaueko ohitura zabalduena, baina, su artifiziak eta petardoak jaurtitzearena da, urtetik urtera indar handiagoa hartzen ari den ohitura.