Karrozan iritsi dira Meltxor, Gaspar eta Baltasar Santa Klara auzotik Elgoibarrera. Kalegoen plazan egin diete harrera herritarrek, eta udaletxeko balkoitik agurtu dituzte erregeek herritar guztiak. Opariz beteta iritsi direla esan dute, eta gauean banatuko dituztela guztiak etxez etxe.
Elizpean zeuden Maria, Jose eta Jesus haurtxo jaio berria, eta hari eskaintza egin diote. Urrea, intsentsua eta mirra eman diote erregeek, eta dantzari batek agurra dantzatu du eliza atarian. Segidan, kalejira egin dute herrian zehar, goxokiak banatzen. Herria zeharkatu ondoren, udaletxeko arkupean jaso dituzte umeen gutunak.
Bihar goizean Kristau Ikasbidekoen mezan hartuko dute parte errege magoek, eta meza ostean sorpresaren bat egongo dela iragarri dute antolatzaileek.