Asfaltatze lanek, besteak beste, honako gune hauek hartuko dituzte: San Roke ingurua, Bernardo Ezenarro kalea, Trenbide kalea, Antonio Arrillaga kalea, Pedro Migel Urruzuno kalea eta Estarta auzorako sarbidea. Lanok zatika egingo dituztela jakinarazi dute Udaletik. Ez dute zehaztu zenbat denbora beharko duten lanak bukatzeko, eguraldi baldintzen arabera motzagoa edo luzeagoa izango dela bakarrik.
Lanek irauten duten bitartean, ezingo dira erabili zenbait aparkaleku, eta garaje batzuetarako sarbideak ere ez dira erabilgarri egongo, tarte batzuetan. Trafikoan ere izango du eragina, eta desbideratu edo txandaka antolatuko dute. Udaletik zehaztu dutenez, eremu bakoitzean dagokion seinaleztapena jarriko dute, eta horien berri aldez aurretik jakinaraziko diete inguruko bizilagunei.
Udalak 48.000 euro inguruko aurrekontua onartu du lanotarako, eta ORSA enpresak egingo ditu.
