Ekainera bitartean ordutegi zabalagoa edukiko du Gotzon Garate Udal liburutegiak

Asier Orbea Ostolaza 2026ko urtarrilaren 8a

Ordutegi berriarekin hasi du urtea Elgoibarko Gotzon Garate Udal liburutegiak, eta ekainera arte mantenduko dute, probaldian.

Berrikuntza nagusienetako bat astelehenetik ostiralerako goiz parteko ordutegian dago: orain arte 9:00etatik 13:00etara egoten zen zabalik, eta aurrerantzean 9:00etatik 14:00etara egongo da irekita, alegia, ordubete gehiagoz.

Zapatuetan ere irekita

Aurrerantzean zapatuetan ere liburutegia zabalduko dutela da beste berritasun nagusia. 9:00etatik 13:00etara irekiko ditu ateak zapatu goizetan. Orain arte ez zuten zerbitzu hori eskaintzen.
Liburutegiko arduradunek jakinarazi dutenez, ordutegi berri hori urteko lehen sei hilabetetan egongo da indarrean, ekainera bitartean. Epe horretan erabilera-datuak bildu eta aztertuko dituzte, emaitzak eskuetan dituztela erabakia bat hartzeko: larunbatetan irekitzeko erabakiari eutsi ala bertan behera laga. "Neurri hauekin, Liburutegiak kulturarako, ikaskuntzarako eta irakurketarako sarbidea indartzen du, herritarren beharretara egokituz", adierazi dute.