Ekitaldia Al-Anon/Alateenek eta Elgoibarko Udaleko Gizarte Zerbitzuek antolatu dute. Bariku honetan, urtarrilak 9, izango da, Elgoibarko Kultur Etxean, 19:00etan hasita.
Alkoholismoa sufritzen duenari zulotik ateratzen laguntzeko Alkoholiko Anonimoen taldea dagoen moduan, gaixoaren familiak eta lagunek ere badaukate beraien taldea: Al-Anon. Alkoholismoak eragindako pertsonen senide eta lagunentzako laguntza-elkartea da, esperientziaren trukearen eta elkarren arteko babesaren bidez laguntza eskaintzen duena.
Elgoibarrerako antolatu duten solasaldian, Al-Anon/Alateen taldeen funtzionamendua nolakoa den azalduko dute, eta baita alkoholismoa moduko gaixotasun bati aurre egiteko dauden laguntzen eta baliabideen berri eman ere. Horregatik, “Elkarren arteko laguntza egoera zailetan: Al-Anon/Alateenen esperientzia” izena jarri diote hitzaldiari.
