San Anton txapelketan lehiatuko da Iker Izagirre pilotari elgoibartarra

Asier Orbea Ostolaza 2026ko urtarrilaren 9a

San Anton Pilota Txapelketako bigarren finalerdiak jokatuko dituzte, gaur, Ikastolako frontoian; eta, Iker Izagirre elgoibartarra izango da finalera sailkatzeko lehian arituko direnetako bat.

Iaz ere jokatzekoa zen etxeko txapelketan, baina hatza apurtu zuen egun batzuk lehenago jokatu zuen Gipuzkoako txapelketako finalean, eta ezin izan zuen etxeko txapelketan debutik egin. Hortaz, aurten izango du estreinaldia Laguna Pilota Eskolak antolatzen duen Torneo prestigiotsuan. Urte mordoxka igaro dira pilotari elgoibartarrik lehiatu gabe. Izagirrek 18 urte ditu eta Lazkaoko Lapke taldearekin dihardu azken urteetan. Txapelketa garrantzitsu ugari irabazi ditu, eta irrika berezia egingo lioke Elgoibarkoa irabazteak (ikus bere adierazpenak bideoan). Horretarako, baina, Nazabalek eta Artetxek osatutako bikotea kanporatu beharko du finalerdietan. Aurrelari elgoibartarrak Aratz Ormaetxea atzelari bergararrarekin osatuko du bikotea. Izagirrek El Diario Vasco egunkariak antolatzen duen afizionatu mailako txapelketa entzutetsuko finala jokatu zuen urte bukaeran, Legutioko pilotari Eñaut Motorekin bikotea osatuz; baina, galdu egin zuten finala.

19:00etan hasiko da gaurko pilota jaialdia.

Emakumeak kantxaratuko dira lehenik, lau t’erdiko txapelketako bigarren finalerdia jokatuko baitute Nora Mendizabalek eta Laia Salsamendik elkarren aurka. Urtarrilaren 2an jokatu zuten lehen finalerdian, iazko irabazleak, Goiuri Zabaletak lortu zuen finalerako txartela. 16 urteko leitzarrak 22-14 irabazi zion Aizane Ibarrolari.

Senior mailako finalerdian Apezetxeak eta Landak Altunaren eta Balerdiren aurka jokatuko dute. Duela astebete jokatutako lehen finalerdian Muruak eta Bernaolak lortu zuen finalerako sailkatzea, Etxeberriari eta Sotili irabazita (22-15)