Altolatarren Dorretxea elkartekoek zigilu erakusketa antolatu dute San Anton jaien bueltan, eta urtarrilaren 17tik 25era arte egongo da ikusgai Kultur Etxeko erakusketa gelan. 11:00etan Euskal Herriko Filatelia elkarteak urteko batzarra egingo du, eta ordu berean zabalduko dute erakusketa. Aurten, Altzolako uren 250. urteurrenari eskainita egongo da.
1776. urtean aurkitu zuten Altzolako uren iturburua. Negu gorria zen, eta haur batzuk Deba ibaian bainua hartzen ari zirela, gune konkretu batean ur beroa irteten zela konturatu ziren. Espeleologo eta zientzialariek egindako ikerketen arabera, iturburuak duen altueragatik gertatzen da hori.
Altzolako uren jatorria Izarraitz mendigunean dago, itsas-mailatik mila metroko altueran, eta itsasotik 12 kilometrora, eta 25 bat urteko bidaia egiten du ur horrek lurpean, Altzolara iritsi arte. Kareharrizko harkaitzek iragazki natural gisa funtzionaten dute, eta adituen arabera, horrek ematen dio urari kalitatea.
1801. urtean mediku propioa zeukan Europako lehenengo bainuetxea zabaldu zuten Altzolan. 1846an Urberoaga bainuetxea inauguratu zuten, eta 1901ean zabaldu zituen ateak Gran Hotel Balneario hotelak. Bainuetxea izan zen urteetan herriaren motore ekonomikoa, eta garai batean 11 hotel izan ziren Altzolan. 1976an itxi zuten bainuetxea, eta ura botilaratzeko instalazioak jarri zituzten bertan. Gaur egun Alzola Basque water izena dauka enpresak.
Dozena bat bilduma
Aurtengo erakusketan ere Euskal Herriko eta Espainiako hainbat filatelikok hartuko dute parte. Hamabi bilduma jarriko dituzte ikusgai guztira, 65 bat bitrinatan antolatuta. Horien artean, Jose Mari Etxaniz Moulian elgoibartarrak "Termalismo y balnearios" izeneko zigilu-bilduma aurkeztuko du, eta Debako Jose Mari Ulazia Ortiz de Urbina, eta "Un puente sobre el Atlantico" bilduma jarriko du ikusgai.
Bildumagileei eskerrak emateko ekitaldia zapatuan bertan egingo dute, 13:45ean.
EGITARAUA
16, barikua
• 19:00 San Anton pilota txapelketako finalak, Ikastolako frontoian.
17, zapatua
• 11:00 Meza nagusia, San Bartolome parrokian.
11:00 Filateliako Euskal Federazioaren urteko batzarra. Kultur Etxeko hitzaldi gelan, eta erakusketaren irekiera. Altzolako Uren 250. urteurrenari eskainia izango da aurten.
• 11:30 - 14:00 Umeentzako parkea, Aita Agirren. Euria bada, Sigman.
• 12:30 San Antonetako kontzertua: Bost Brass. Herriko Antzokian.
• 13:45 Zigilu erakusketako partaideei esker ona adierazteko ekitaldia.
• 16:30-19:30 Umeentzako parkea, Aita Agirren. Euria bada, Sigman.
• 17:30 Erraldoi, buruhandi eta zezenzikleten kalejira, herriko dultzaineroekin.