Barikuan Goazen! Elgoibarren ikusteko azken sarrerak geratzen dira

Ainhoa Andonegi Alonso 2026ko urtarrilaren 12a

EITBko Goazen! telesaileko aktoreak Elgoibarrera etorriko dira barikuan, eta oraindik badago sarrerak eskuratzeko aukera. 

Nahi duenak online eros ditzake herrikoantzokia.eus webgunean, eta bestela, sarrera guztiak agortzen ez badira, txarteldegian bertan jarriko dituzte salgai emanaldiak hasi aurretik. Helduentzako sarrerak 5 euro balio ditu, eta umeenak, berriz, 3 euro. Udaleko Kultura Sailak bi emanaldi programatu ditu: 17:00etan izango da lehenengoa eta 19:00etan bigarrena. Amaieran, nahi duten herritarrek aktoreekin argazkiak ateratzeko aukera izango dute Herriko Antzokiko atarian, taldeka.  

12. denboraldia

12. denboraldia du aurten telesailak, eta honela dio aurtengo sinopsiak: Maitanek ideia zoragarri bat garatu du aurten: Basakabi “bigarren aukerako” udaleku bihurtu du. Kontua da Garaziri ez diola bere asmoen berri eman eta Basakabi arazoak dituzten gaztez bete dela. Hemendik aurrera, Garazik eta Maitanek uda zaila biziko dute Basakabin. Etorri diren gazte berriek iskanbilak sortuko dituzte, eta dena zailago egiteko, Kuxkuxero izeneko pertsona batek ikasleei buruzko informazioa zabalduko du sareetan. Maitasuna, anaien arteko gorrotoa, mendekua eta abesti berri asko ekarriko ditu aurtengo denboraldiak ere.