Elgoibarko Duintasuna elkarteak manifestazioa antolatu du eguenerako, mobilizazioen zortzigarren urteurrenean

Asier Orbea Ostolaza 2026ko urtarrilaren 13a

"Pentsio publiko duinak eta bidezkoak" eskatzeko urriaren 1ean egin zuten manifestazioko irudia. BARRENA

Zortzi urte beteko dira urtarrilaren 15ean, eguenean, Euskal Herriko pentsionisten mugimendua pentsio duinen alde larogei bat herritako plazetan astelehenero elkarretaratzen hasi zela, tartean, Elgoibarren.

Urteurrenaren harira, manifestazioa egingo dute eguenean Elgoibarren, 'Geldiketa antidemokratikoa pentsioen HELaren aurka' lelopean. Kalegoen plazatik abiatuko da, 12:00etan. Herriko kaleak zeharkatuko dituen manifestazioa egin eta gero, amaieran pintxoak banatuko dituzte plazan.  

Elgoibarko Duintsauna Jubilatu eta Pentsiodunen Elkartetik jakitera eman dutenez, zortzi urteko borroka eta gero, asko dira oraindik ere konpondu gabeko arazoak. "Urteurrena ospakizun eguna izan beharrean, larriagotzen ari diren arazoak salatzeko eguna izango da". Duintasunak "EAEko Gobernuaren jarrera antidemokratikoa" salatu du, haien ustez Eusko Legebiltzarrean pentsio duinei buruzko Herri Ekimen Legegilea gelditu eta eztabaidatzea eragotzi duelako. "142.000 sinadura baino gehiago gutxietsi zituzten eztabaida demokratikorako biderik zabaldu ere egin gabe, hura babestu zuten milaka pentsiodunekiko erabateko mespretxua erakutsiz, tartean miseriazko pentsioak kobratzen dituzten emakumeekiko mespretxua". 

Elgoibarko Larrialdi-zerbitzuak itxita jarraitzen duela ere salatu du Duintasunak. "Pandemia hasi baino lehenagotik dago itxita PAK zerbitzua, eta herritarrak gertuko larrialdietako arretarik gabe utzi ditu". Azkenik, San Lazaro egoitzako emakume langileek pairatzen duten lan-prekarietate egoera ere salatu dute. Adinekoen zaintza lan-eskubideak eta asistentzia-kalitatea sakrifikatzen dituen negozio bihurtu dutela diote.