Bukatu dituzte Altzolako tunel berria eraikitzeko hondeaketa lanak

Asier Orbea Ostolaza 2026ko urtarrilaren 13a

Euskal Trenbide Sareak (ETS) bukatutzat eman ditu Altzolako tunel berria eraikitzeko indusketa lanak.

Jaurlaritzako eta ETSko ordezkariak joan den barikuan bisitatu zituzten 'Altzolako mozketa’ izeneko azpiegitura eraikitzeko lanak. 500 metroko tunela eraikitzen dihardute Arriaga industrialdea eta Altzola auzoaren arteko mendi magalaren barruan.

Susana Garcia Chueca Mugikortasun Jasangarriaren sailburuak, Miguel Angel Paez Azpiegitura eta Mugikortasun Jasangarriaren sailburuordeak eta Antonio López ETSko zuzendari nagusiak bertatik bertara ikusi zuten obra. Gainera, tunela erabat zulatzeko azken lanen lekukoak izan ziren, zulatzeko erabili duten marruskagailuak kanpoaldearekin nola bat egiten zuen ikusi baitzuten zuzenean. Norabide bakarrean egin dituzte tunela industeko lanok. Tunelak dituen 500 metroetatik 454 meategian doaz, eta 48 metro tunel faltsuan, ahokaduren sarreran eta irteeran.

Tunelak ekarriko dituen onurak

Tunel berria gaur egungo ibilbidea laburtzeko, bidaien denbora murrizteko eta segurtasuna hobetzeko eraiki dutela azaldu zuten agintariek. Segurtasunari dagokionez, bi trenbide-pasagune kentzea ahalbidetuko duela azpimarratu dute,  Ganekuakoa eta Barazetakoa, hain zuzen ere.  
Tunel berriari esker trenak gurutzatzeko aukera egongo da, eta honenbestez, zerbitzu-ahalmena handitu ahal izango dute. Alegia, trenen maiztasuna handitzeko aukera edukiko dute, gaur egun noranzko bakoitzean 60 minutuz behin zirkulatzeko aukerara mugatua baitago. 

Trafiko mistorako metro bateko zabalera (1.000 mm) duen trenbide bikoitzeko lineari dagozkion parametroen arabera eraikiko dute trenbide zati berria, "erosotasun eta segurtasun baldintzak egokiak izan daitezen, dagoen azpiegiturari ahalik eta kalte gutxien eraginez eta etorkizuneko mantentze-lanak ahalik eta gehien murriztuz".

Obra "beharrezkoa" dela adierazi du Susana García Chueca Mugikortasun Jasangarriaren sailburuak "ibilbideak laburtuko dituelako eta trenbide-pasaguneak kentzea ahalbidetuko duelako, sarearen segurtasun-baldintzak hobetuz, baina baita trenbide bikoitzeko beste tarte bat gehitzea ere ekarriko duelako, eta horrek trenbideek zerbitzua emateko duten gaitasuna handituko du”.

Obren egoera

Tunelari dagokionez, aurrerako hondeaketa gauzatu dute dagoeneko. Prozesu horrek lineako tunela bere zabaltasun osoan zulatzeko lanak osatzen ditu. Gainera, hegoaldeko ahokadura bukatuta dago, bai eta iparraldeko ahokaduraren zati handi bat ere, zehaztu dutenez.
Iparraldeko lur-mugimenduak ia amaituta dituzte; eta hegoaldeko ahoari dagokionez, Iberdrolaren linea bat desbideratzen dutenean amaituko dituzte trenaren plataforma eraikitzeko lanak. "Gainerakoan, tunelaren barruan, destroza-lanak amaitzea falta da, baita iragazgaizte-lanak, estaldurak, espaloiak eta instalazioak ere".

*Irudiak: Irekia/Eusko Jaurlaritza.

Agintariak eta beharginak elkarrekin. Irekia/Jaurlaritza.

∞Lotura duten albisteak: