Orixol mendira igo eta sagardotegian bazkaldu, Morkaikok proposatutako plana

Asier Orbea Ostolaza 2026ko urtarrilaren 14a

Mendizaletasuna sagardotegiekin uztartzen duen irteera antolatzko ohitura du urtero Morkaiko Mendizale Elkarteak sagardotegi denboraldiaren barruan.

Otsailaren 21ean egingo dute aurtengoa. Honakoa da proposatu duten plana: "Aramaioko herrigunetik irten, Orixol gaina egin eta Aramaion amaituko den mendi ibilaldia egin ondoren, Unzueta Sagardotegian bazkalduko dugu". Unzueta Sagardotegia Arabako Suitza deiturikoan kokatuta dago, Aramaion, hain zuzen.

Araban dago Orixol mendia (1.128 metro), Arangioko mendilerroan, eta Aramaioko harana gobernatzen du bere atalaiatik. Anbototik gertu dago, hain justu, haren hegoaldean.

Irteerako xehetasunak:

  • Ibilbidea: Ibarrako polikiroldegia – Arriola – Izarragako mina – Ipurtotzeko txabola – Kastillu (1.033m) – Satikrutz ermita – Orixol (1.120m) – Lezeaga – Ibarrako polikiroldegia.
  • Distantzia: 14,37 kilometro eta 895 m (+/-)
  • GPS track-a wikiloc-en
  • Irteera ordua: 8:15ean King Kong-eko autobus geltokian (Elgoibar)
  • Itzulera: 18:00ak aldean, Aramaioko Unzueta Sagardotegitik.
  • Prezioa: 55 euro bazkideak eta 65 euro ez bazkideak: prezioan sartzen da autobusa eta bazkaria.
    Menua: Txorixo egosia, bakailo tortilla, bakailoa, txuleta, Idiazabal gazta membrillo eta intxaurrekin, ogia, ura eta sagardoa. Aramaiko polikiroldegian dutxa hartzeko aukera izango da (prezioan sartuta dago).
  • Izen ematea: Irteerarako izen-ematea urtarrilaren 12an irekiko dute, eta otsailaren 11 izango da izena emateko azken eguna. Online egin behar da izen-ematea

Iazko irteera Murumendi mendira egin zuten, eta gero Legorretako Beristain sagardotegian bazkaldu. MORKAIKO

Morkaikoren urteko batzarra, gaur

Morkaiko Mendizale elkarteak urteko batzar nagusia egingo du gaur, urtarrilak 14, Aita Agirre Kulturguneko areto nagusian. Hona batzarrean landuko dituzten gaiak:

  • Aurreko batzar orokorraren aktaren onarpena
  • 2025ko datuak​
  • 2025ko ekintzen balorazioa​
  • 2025ko balantzea ekonomikoren onarpena (diru sarrera eta irteerak)​
  • 2026ko ekintzen aurkezpena​​
  • Galderak eta erreguak