Anbulatorio berria eraikitzen hasteko lehenengo lana eraikin azpian dagoen transformadore elektrikoaren zentroa lekuz aldatzea eta erakinetik kanpo lurperatzea izango da. San Frantzisko iturri atzera eramango dute, eta, lan horiek egiteko argindarra kendu behar dutenez, merkatu plaza ixtea erabaki dute. Behin lan hori amaituta, Osasun Sailak eraikina eraitsiko du, eta, Udaletik aurreratu dutenez, uda aldera izango dela aurreikusi dute. Guztira zazpi milioi euroko inbertsioa egingo dute Elgoibarren osasun zentro berria eraikitzeko.
35 urte merkatu plazan
Merkatu plaza sasoi betean zegoen garaian hasi zen lanean Amaia Mendikute, Juani Azkue amarekin. Amak etxeko barazkiak saltzen zituen merkatuan, Sallobente auzoko Zabaleta Bekoa baserrian ondutako barazkiak. Amaiak 19 urte zituen amarekin lanean hasi zenean, eta gogoratzen du sasoi hartan merkatu plaza zela herriko salerosketarako gune nagusia. Taberna bat ere bazegoen, eta herritarrek bazuten merkatu plazarako joera. Goiko pisuan arrandegiak ere bazeuden, loradendak, harategiak, eta eguenetan baserritarrak joaten ziren euren produktuak saltzera. Errelebo faltak eta herritarren erosketa ohituren aldaketak merkatu plazaren gainbehera ekarri zuten, eta, hain zuzen ere, Mendikute izan da pertsiana jaisten azkena. Penaz doa, eta bezeroei eskerrak eman dizkie urte hauetan guztietan eman dioten babesagatik. Hunkitu ere egin da bezeroez gogoratzean (ikus bideoan).
Barikuan postura gerturatzen direnekin detailetxo bat edukitzeko asmoa dutela aurreratu dute Amaia Mendikutek eta dendan laguntzaile duen Nerea Osorok, eta bezero guztiak gonbidatu ditu azken eguneko agurrera.