Markina-Xemeingo Barinaga auzoko San Anton jaien barruan antolatzen dute Kalamua-Barinaga mendi lasterketa. Seigarren edizioa izango da aurtengoa, eta izenean adierazten den moduan, igoerarik gabeko mendi lasterketa delako da berezia. Partaideek 3,7 kilometroko eta 700 desnibeleko jaitsiera egin beharko dute. Aurten ibilbide berria estreinatuko dute.
Izena eman behar da parte hartzeko, www.kirolprobak.com web orrian; federatuek 12,5 euro ordaindu beharko dituzte, eta federatu gabeek, 15 euro. Egunean bertan 09:00etatik 10:00etara egingo dute dortsalen banaketa, eta 10:30ean irtengo dira tontorrerantz Barinagatik. Lasterketa 12:00etan hasiko da Kalamuako tontorretik.
Helmugara azkarren iristen den emakumeak zein gizonak 100 euro poltsikoratuko ditu, bigarren sailkatuek, 75 euro eta hirugarrenek, 50 euro.
Lau urtean jokatu gabe egon ostean, iaz berreskuratu zuten Kalamua-Barinaga jaitsiera, eta probako dominatzaile nagusia den Mayi Mujika izan zen irabazlea emakumezkoetan. Mujikak lau alditan hartu du parte, eta lauretan izan da irabazlea.