Elgoibarko Duintasuna elkarteak antolatutako manifestazioa egin dute

Asier Orbea Ostolaza 2026ko urtarrilaren 15a

Haize indartsua ibili da eta lanak eduki dituzte pankartei eusten, baina osterantzean arazorik gabe egin dute manifestazioa. 

Zortzi urte bete dira gaur Euskal Herriko pentsionisten mugimendua pentsio duinen alde larogei bat herritako plazetan astelehenero elkarretaratzen hasi zela, tartean, Elgoibarren. Urtemugaren harira egin dute gaurko manifestazioa, 'Geldiketa antidemokratikoa pentsioen HELaren aurka' lelopean.

Elgoibarko Duintsauna Jubilatu eta Pentsiodunen Elkartetik jakitera eman dutenez, zortzi urteko borroka eta gero, asko dira oraindik ere konpondu gabeko arazoak. "Urteurrena ospakizun eguna izan beharrean, larriagotzen ari diren arazoak salatzeko eguna izango da". Duintasunak "EAEko Gobernuaren jarrera antidemokratikoa" salatu du, haien ustez Eusko Legebiltzarrean pentsio duinei buruzko Herri Ekimen Legegilea gelditu eta eztabaidatzea eragotzi duelako. "142.000 sinadura baino gehiago gutxietsi zituzten eztabaida demokratikorako biderik zabaldu ere egin gabe, hura babestu zuten milaka pentsiodunekiko erabateko mespretxua erakutsiz, tartean miseriazko pentsioak kobratzen dituzten emakumeekiko mespretxua".