Elgoibarko eta Tolosako anbulantzia medikalizatuetako langileak subrogatzeko aukera planteatu du Administrazioak

Ubane Madera Zangitu 2026ko urtarrilaren 15a

ELA eta LAB sindikatuek jakinarazi dutenez, Elgoibarko eta Tolosako anbulantzia medikalizatuetako langileak subrogatzeko aukera mahai gainean jarri du Administrazioak. Akordioa sinatzen badute, anbulantzien zerbitzua publifikatzeko prozesuan sortutako lan-gatazka konpondu egingo litzateke. Bi sindikatuek azpimarratu dute subrogaziorako aukera borroka sindikalari esker lortu dela. (Oharra: Barrena Komunikazio Taldearen papereko edizioa errotatibara bidali osteko informazioa da honako hau).

“ELAk, bere salaketari esker, lortu du Osakidetzak baztertzea Tolosako eta Elgoibarko anbulantzia medikalizatuetako langile guztiak (45 pertsona) kaleratzeko asmoa, eta subrogazioari ateak irekitzea”. Halaxe dio sindikatuak bere web orrian argitaratu berri duen balorazioak, nabarmenduz “ELAren jardunaren” ondorioz planteatu duela “Administrazioak langileen subrogazioa”.

Greba aurreabisua

Gaineratu duenez, langileen eskutik jakin zuten Administrazioak bitarteko kontratu iragankorrak eskuratzeko aukera egin ziela langileei eta sindikatuak “argi ikusi” zuen “formula hori” ez zela “nahikoa; izan ere, ez zuen bermatzen enplegua mantenduko zutenik, langileek antzinatasuna galdu zezaketen, eta ondoren kaleratuak izateko arriskua zegoen”. 

Testuinguru horretan, ELAk greba aurreabisua jarri zuen sektore osorako gainerako sindikatuekin batera, eta sindikatuaren esanetan, ekintza sindikalari esker lortu da zerbitzuaren publifikazioak kaleratzerik ez eragitea.

Lan-eskubideak bermatuta

Anbulantzien zerbitzua publifikatzeko kanpaina egiten ibili den LAB sindikatuak ere balorazio positiboa egin du eta LABek ere jardun sindikalari egotzi dio subrogaziorako aukera lortu izana. “Lortutako subrogazioaren akordioaren bitartez, enpleguari eutsi egingo zaio eta langileon lan-eskubideak bermatuta geldituko dira. Garaipen hau prekaritateari aurre egiteko eta publifikazioaren aldeko kolektiboaren mobilizazioen, greba deialdien, batasunaren eta borrokaren irmotasunaren emaitza da".

Halaber, gogora ekarri du LABek "beti defendatu" izan duela "anbulantziek eskaintzen duten zerbitzu publikoak kudeaketa publikoa behar duela. Anbulantzietako langileak ere publikoak direla defendatu du, eta defendatzen jarraituko" duela. 

Publifikazio moduak lan-gatazka eragin

2026ko urtarrilaren 7az geroztik, Osakidetzarena da Elgoibarko eta Tolosako anbulantzia medikalizatuen kudeaketa. Ordura arte, Ambulancias Gipuzkoa S. Coop enpresak kudeatu du, Osakidetzak azpikontratatuta. 45 langile zituen: medikuak, erizainak eta osasun garraioko teknikariak. Langile horietako bederatzi bazkideak ziren eta gainerako 36ak, kontratatutakoak. 

Orain, berriz, zerbitzua "erabat publifikatu" du Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak, "funtsezko zerbitzuak publifikatzeko Osasun Itunean hartutako konpromisoa" berresteko asmoz. 

Aldiz, publifikazio hori egiteko moduak lan-gatazka eragin zuen. Izan ere, Osasun Sailak proposatu zuen langile horiek bitarteko izatera pasatzea, harik eta LEP (OPE) edo lan deialdi publikoa atera arte. Enpresako langileen ordezkaritza duen ELA sindikatuak, berriz, "indarrean dagoen hitzarmen kolektiboa betetzeko" exijitu eta Elgoibarren eta Tolosan zerbitzua ematen duten langile guztiak subrogatzea exijitu zion administrazioari.

Abenduaren 30ean egin zuen hori sindikatuak, prentsaurreko bitartez, langileen presentziarekin.

Orduz geroztik, Administrazioak kontratazio-aukera berriak jarri zituen mahai gainean, baina ez zituzten asebete ez langileak eta ezta sindikatuak ere.

1.700 langile

Gauzak horrela ELAk greba deialdirako aurreabisua aurkeztu zuen urtarrilaren 19tik 25era bitarterako, LAB, ESK, CCOO eta UGT sindikatuekin batera. Greba sektore osorako zegoen planteatuta, izan ere, Elgoibarren eta Tolosan moduan, EAEn sektore horretan 1.700 pertsona daude azpikontratatuta”.  

EH Bildu ere arduratuta

Ildo beretik, gaiarekiko kezka EH Bilduk ere erakutsi zuen. Prentsa-ohar bidez jakinarazi zuen “ezinbestekotzat" jotzen duela Legebiltzarreko Osasun Batzordea urtarrilean aktibatzea gai hori lantzeko.

Koalizio independentistak langileen ordezkarien zein Osasun sailburu Alberto Martinezen azalpenak entzun nahi zituen, prozesua "berme guztiekin" garatu ahal izateko;

Rebeka Ubera legebiltzarkideak esan zuenez, besteak beste, "ez Osakidetzak ez Osasun Sailak ez dituzte prozesu horren inguruabar guztiak argitu, ez eta zein izango den langile horien etorkizuna zehaztu ere, eta horrek, normala denez, kezka eta ezinegona areagotu ditu langileen artean. Izan ere, ematen ari zaien tratua ez da onargarria". Halaber, gaiak urgentzia duela ere esan zuten, "haiek eta haien familiek ezin dutelako otsailera arte itxaron; Legebiltzarra ohiko funtzionamendura itzuli arte, alegia".