Jehovaren lekukoek gurtzarako aretoa inauguratu dute Elgoibarren

Asier Orbea Ostolaza 2026ko urtarrilaren 20a

Jehobaren Lekukoen Bilera Aretoa izeneko egoitza ireki dute Olaso industrialdean, Deba bailarako sinesdunei zerbitzua emateko. Jarduerak euskaraz egingo dituen talde bat izango dutela ere iragarri dute.

Ateak irekitzeko jardunaldi bat egin zuten larunbatean, eta instalazio berriak inauguratu zituzten igandean. Jehovaren lekukoen bozeramaile Javier Garoñak azaldu duenez, Olaso Kaleko 35. eta 36. zenbakietan eraiki duten zentroa elkarte erlijiosoko boluntarioek egin dute nagusiki, eskualdeko 153k eta Madril, Galizia edo Almeriatik etorritako beste 67k. "Guztira 220 boluntariok, erdia baino gehiago emakumeak, parte hartu dute proiektuan", adierazi du Garoñak. Lokalak egokitzeko lanak hiru bat hilabetean egin dituztela azaldu du eta instalazio berria irisgarria, energetikoki eraginkorra eta ingurumena errespetatzen duena dela azpimarratu du. 

Olaso kalean ireki duten Jehovaren lekukoen egoitzaren sarrera. Arg:  Utzitakoa.

Deba bailararako egoitza

Jehovaren lekukoak duela hamarkada batzuetatik daude Elgoibarren. Gogora ekarri dutenez, erlijio-askatasunik ez zegoen garaietan etxe partikularretan bildu behar izaten zuten, eta lehen lokala duela 50 urte pasatxo ireki zuten Eibarko Juan Isasola kaleko 5. zenbakian. Eskualdeko lehen egoitza hura 1973ko apirilean inauguratu zuten. "1973an gutxi batzuk izatetik gaur egun 250 kide baino gehiago izatera igaro gara. Instalazio berri hauetan Ermua, Eibar eta Elgoibarko lekukoak bilduko dira, beste talde bat Arrasate eta Bergara ingurukoa izango da, eta hirugarren talde batek bere jarduera guztiak euskaraz egingo ditu", azaldu du Garoñak. Haren berbetan,  biltzeko eta erlijio-ekitaldiak garatzeko halako "gune egoki bat" behar zuen euren komunitate erlijiosoak.

Jehovaren lekukoekiko aurreiritziak ere hizpide izan ditu bozeramaileak. "Ezezagutzagatik egon daitezkeen aurreiritziak aldatzeko helburuarekin antolatu genuen ate irekien jardunaldia, herritarrek bertatik bertara, modu informal batean, ezagutzeko erlijio hau praktikatzen dugunok egiten duguna. Tolerantzia susatzeko eta sinismen desberdineko pertsonenganako errespetua sustatzeko zabaldu genituen ateak".

Elkarte erlijioso kristaua da Jehovaren Lekukoak, kristau kongregazio milenarista, Charles Taze Russellek (1852-1916) 1875an Pittsburghen (AEB) sortua. Jehovaren Lekuko Kristauak Espainiako Justizia Ministerioko Erakunde Erlijiosoen Erregistroan inskribatu ziren 1970an. 

Elgoibarko egoitzaren inaugurazio eguneko irudia. Arg: T.J. 

Erlijio-aniztasuna EAEn

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako biztanleriaren heren bat baino gehiago, % 35,5, ez da inolako erlijiorekin identifikatzen, Ikuspegi – Immigrazioaren Euskal Behatokiak, Deustuko Unibertsitateko Giza Eskubideen Institutuarekin lankidetzan, erlijio-aniztasunari buruz 2024an argitaratu zuten lanaren arabera. 1997ko datuekin alderatuz gero, fede katolikoak 32,4 puntu egin ditu behera, eta gainerako erlijioek 4,8 puntu gora. Zehazki, erlijioek Euskadin duten pisuari buruz egindako estimazioaren arabera, erlijio katolikoan sinesten duen biztanleria % 57,2 da, hamarretik ia sei, eta % 7,3 dira erlijio minoritarioetako fededunak. Erlijio minoritarioen elizek, komunitateek eta entitateek ez dute presentzia handirik zifrei dagokienez, nahiz eta Euskadin errotuta dauden. Erlijio minoritarioen kultuko zentro ugarienak eliza ebanjelikoak dira; bigarrenik, meskitak; eta, hirugarrenik, Jehovaren lekukoen aretoak. (informazio osoagoa: euskadi.eus)

Euskadiko Erlijioen Mapa

Euskadiko Erligioen Mapan daude jasota herri bakoitzeko biztanleen erlijio joeren portzentajeak (biztanleria guztiarenak eta jatorri atzerritarra dutenena), eta herri bakoitzean zenbat kultu leku dauden ere jasota dute. Hona Debabarreneko kultu-lekuak:

  • Eibar 15 (Katolikoak 8; Musulmanak 4 eta Ebangelikoak 3)
  • Elgoibar 4 (Katolikoak 3 eta Musulmana 1)
  • Ermua 4 (Katolikoa 2 eta Musulmana 2)
  • Mallabia 2 (Katoikoak 2)
  • Mendaro 2 (Katolikoak 2)
  • Deba 2 (Katolikoak 2)
  • Mutriku 2 (Katolikoak 2)
  • Soraluze 2 (Katolikoak 2)

Oharra: mapa Immigrazioaren Euskal Behatokiarena da. Baliteke zenbait datu eguneratzen ibiltzea.