Senior gizonezkoen Alcorta Forging Group taldeak Erromoko eskubaloia taldearen aurka jokatu zuen, eta garaipen argia eskuratu zuten, emaitza harrigarria lortuta: 48-26 gailendu ziren etxekoak. Zigor Esnaola entrenatzaileak ez du gogoan horrenbeste gol aurrez sartu izana. "Ni nagoenetik gol gehien sartu dugun partida dela esango nuke". Horrenbeste gol sartu izanaren meritua, baina, erasoko jokoan baino "defentsa sendoan" egon zela dio Esnaolak. "Jokalari guztiek defentsan egin zuten ahaleginaren emaitza da gol kopuru handi hori lortu izana", esan du entrenatzaileak, jokalarien talde-lana goraipatuz. Lehen minutuetan bakarrik izan zen parekatua neurketa. Atsedenaldira 8 goleko errenta eraman zuten Alcortakoek, eta lasaitasunez itzuli ziren arren, bigarren zatian markagailuko aldea ia bikoiztea lortu zuten. Alcorta sailkapeneko hirugarren postuan dago, 21 punturekin. Donibane Kalaburtza dago lehen postuan (27 puntu) eta Laubide Jatetxea Legazpi taldea da bigarrena behin behineko sailkapenean (22 puntu).
Ezin liderarren aurka
Senior emakumezkoen Malape taldea kantxaratu zen gero, Ereintza eskubaloia taldearen aurkako partida jokatzera, eta denboraldiko porrotik argienetakoa jaso zuen etxeko taldeak sailkapeneko liderraren aurka, 13-28 galduta. Errenteriakoak sailkapeneko lehen postuan daude 19 punturekin; Malapek baino 5 puntu gehiagorekin, alegia.
Pizzeria Salento lehen postuan
Gipuzkoako 2. mailan diharduen Pizzeria Salento taldeak 22-36 irabazi zion Bera Bera taldeari, B multzoko lehen bi sailkatuen arteko norgehiagoka izan zena. Elgoibartarrek aldea handitu dute sailkapenean eta bost puntura daude orain donostiarrak. Salentok 28 puntu batu ditu 13 jardunalditan eta 21 puntu Bera Berak. Zortzi talde ari dira lehiatzen B multzoan eta datorren asteburuan jokatuko dute ligaxkako azken partida. Elgoibartarrek Lurkide La Salle Legazpi taldearen aurka jokatuko dute Olaizagan, zapatuan.
Asteburuko partiden emaitzak
- Alcorta Forging Group 48-26 Erromoko eskubaloia (Euskadi senior giz.)
- Malape taberna 13-28 Ereintza eskubaloia (Euskadi senior emak.)
- Bera Bera 22-36 Pizzeria Salento (Gipuzkoako txapelketa)
Asteburuko partidak
Urtarrilak 24
- 16:30 Pizzeria Salento Vs Legazpi eskubaloia (Gipuzkoako txap.) Olaizaga kiroldegian,
- 18:30 Malape taberna Vs Zuazo senior L.V (Euskadi senior emak.) Olaizaga kiroldegian,
Urtarrilak 25
- 12:15 Indupime Basauri Vs Alcorta forging group (Euskadiko txap.) Urbi kiroldegia.
*Argazkiak: Roberto Sanchez



