%36,2koa da euskararen kale erabilera Elgoibarren

Ainhoa Andonegi Alonso 2026ko urtarrilaren 22a

Euskararen kaleko erabileraren neurketaren emaitzak aurkezteko saioa. Arg: Imanol Larrañaga.

Soziolinguistika klusterrak Elgoibarko kaleetan euskara zenbat erabiltzen den neurtu zuen 2025ean, eta atzo aurkeztu zituen datuak: elgoibartarren %36,2k egiten dute euskaraz kalean.

Elgoibarko Udalak hala eskatuta, euskararen kaleko erabileraren neurketa egin zuen iaz Soziolinguistika Klusterrak, eta ikerketa horren emaitzak aurkeztu zituzten atzo jendaurrean, Aita Agirre kulturguneko areto nagusian. Soziolinguistika Klusterreko teknikaria den Olatz Altuna izan da neurketaren arduraduna, eta Altunak berak azaldu zituen neurketaren bidez jasotako datuak, eta horretarako erabilitako metodologia. Ondorio nagusia, hauxe: Elgoibartarren %36,2k egiten dute euskaraz kalean.

Haurrek erabiltzen dute gehien euskara

Hiztunei dagokienez, haurrek erabiltzen dute gehien euskara (%54,8). Ondoren, helduak (%38) eta gazteak (%29,6) agertzen dira, eta, azkenik, adinekoak daude (%19,6). Horren ondorioz, haurrak nagusi diren giroa da euskaldunena, eta paseoetan eta jolaslekuetan erabilera %43,7koa da. Horri kontrajarrita, adinekoen erabilera eskasa nabarmendu dute arduradunek; %19,6koa, alegia.

Joera orokor bat Elgoibarren ere betetzen da

Adinari erreparatuta, beste datu interesgarri bat ere eman dute: adin-talde guztietan egiten da euskaraz gehiago adin askotariko lagunez osatutako taldeetan adinkideekin osatutakoetan baino. Hori arrazoitzeko, azalpen hau eman dute: Euskal Herriko kaleetan pertsona nagusiak euskaraz gehiago aritzen dira haurrak hurbil daudenean eurak bakarrik daudenean baino. Joera hori orokorra da, eta Elgoibarren ere hori betetzen dela baieztatu dute. Nagusien arteko taldeetan entzuten da gutxien euskaraz, eta haurrekin daudenean, aldiz, nabarmen igotzen da euskararen erabilera.

Euskara gehien paseoetan eta jolasguneetan

Giro sozialak aztertuta, berriz, euskara gehien paseoetan eta jolasguneetan entzun dela ondorioztatu dute; horren ondoren, gazte eta txikiteo giroan; eta jarraian, etxetik kanpoko familia giroan (%43,7, %38,9 eta %33,6, hurrenez hurren). Gutxien, berriz, erosketa giroan (%27,2).

Generoen araberako erabilera

Generoaren araberako azterketa ere egin dute neurketan, eta ondorioztatu dute emakumezkoek (%38,7) zertxobait gehiago egiten dutela euskaraz gizonezkoek baino (%32,5). Joera hori neurketak egin diren edizio guztietan gertatu dela azaldu du Udalak, eta, oro har, Euskal Herriko lurralde guztietan gertatzen den fenomenoa dela, adin-talde guztietan, adinekoengan izan ezik.

Debabarreneko eta Gipuzkoako batez bestekoaren gainetik

Guztira, 3.393 elkarrizketa behatu dituzte (2017an, 3.559), eta horietan, solaskide izan diren 9.202 herritarren (2017an, 9.327) jarduna aztertu dute.

Oro har, elkarrizketen %36,2 izan dira euskaraz; hau da, ikerketa egin zuten garaian, herriko kalean hamar lagunetik hiru ari ziren euskarazko elkarrizketetan (%36,2), herena baino pixka bat gehiago gaztelaniaz (%61,6) eta gainerakoak, beste hizkuntza batzuetan (%2,2).

Hala ere, euskararen erabilera Elgoibarren (%36,2) beste eremu batzuetako batez bestekoaren gainetik dagoela aipatu dute arduradunek: Gipuzkoan %30,6koa da kaleko erabilera eta Debabarrenean, berriz, %24,3koa.

Soziolinguistika Klusterreko teknikari Olatz Altuna izan da neurketaren arduraduna. Arg: Imanol Larrañaga.

Erabilerak "egonkor" jarraitzen du azken zortzi urteotan

Elgoibarko Udalak 1990ean egin zuen euskararen erabileraren gaineko lehenengo kale neurketa, eta 2025ekoa hamazazpigarrena izan da. 1990ean %20ko erabilera jaso zen kalean, 2000. urtean %38koa izatera pasa zen, eta hamarkada hartan %41era ere iritsi zen erabilera.

2010etik aurrera, hiru neurketa (2014, 2017, 2025) egin ditu Soziolinguistika Klusterrak Elgoibarren, eta, 2017an egindako azken neurketarekin alderatuta, ez da apenas aldaketarik izan kaleko erabileran, %35,9 izatetik %36,2 izatera pasa baita. Beraz, 2017ko neurketarekin alderatuta, igoera xumea izan da, %0,3koa.

Datuei erreparatuta, esan daiteke euskararen erabilerak egonkor jarraitzen duela azken zortzi urteotan Elgoibarren, baina, hala ere, aipatu beharrekoa da 2014tik behera egin duela, %39koa izatetik %36,2 izatera pasa baita.

Datu nagusien laburpena:

 Lotura duten albisteak