Herri Eskolako eta Elgoibar Ikastolako familiak Elgeta aldera joango dira oraingoan, eta Intxorta mendia igoko dute. San Asensio gaineko aparkalekutik hasiko dute ibilaldia, eta tontorra egin ondoren, leku berera itzuliko dira. Sei kilometroko ibilbidea egingo dute, 350 metroko desnibel positiboarekin. Benetan, hiru gailur dira, “Hiru Intxortak” izenez ezagunak: Intxorta bera (737 m), Intxorta txiki (711 m) eta Gaztelumendi (713 m).
Elgetako Mendietako tontor historiko hau oso kokapen estrategikoko gailurra denez, 36ko Gerran gudarien gotorlekua izan zen: kanpamentuak, lubakiak eta abar. Aztarnak daude oraindik eta horietan geldialdia egingo dituzte mendizaleek. Intxortak Bizkaia eta Gipuzkoako bista ederrak ditu.
Irteera guztietan moduan, joan nahi dutenek 09:30erako agertu beharko dute Mintxetako aparkalekura. Mendizaleak eguerdirako itzuliko dira etxera.
Irteera nagusi zein gaztetxoeri zuzenduta dago. Umeak ezingo dira bakarrik joan, gurasoren edo arduradunen batekin baizik.
Eguraldi txarragatik abisu edo alertarik emanda balego, irteera bertan behera geldituko da.
