Bi garaipen eta berdinketa bat eskuratu dituzte Sanloko hiru senior taldeek

Asier Orbea Ostolaza 2026ko urtarrilaren 26a

Aurreko jardunaldiko irudia. Arg: Roberto Sanchez.

Emaitza onak eskuratu dituzte senior mailako eskubaloi taldeek azken jardunaldian.

Malape Taberna taldeak etxean jokatu zuen Euskadiko Txapelketako ligako partida, eta garaipen estua lortu zuten Zuazoren aurka, 24-23 irabazita. Sailkapeneko azkenaurreko postutik ihes egiteko premiak bultzatuta kantxaratu ziren bizkaitarrak, eta estu hartu zituzten elgoibartarrak. Malape gol bateko aldeaz iritsi zen atsedenaldira (10-9), eta bigarren zatia ere parekatua izan zen oso. Maialen Alonso izan zen Malapeko goleatzaile nagusia, 9 golekin, eta Ainhoa Arnedo (4 gol) eta Nahia Urbiolak (3) eta Ane Arregik (3) ere nabarmendu ziren erasoko jokoan. 

Garaipenak ihes, azken jokaldian

Senior gizonezkoen Alcorta Forging Group taldeak puntu bat lortu zuen Basaurin, Indupime Basauri taldearen aurkako neurketa 23na berdindu eta gero. Lehen zati parekatua jokatu ostean, -16-15 atsedenaldian-, etxeko taldeak baino energia apalagoarekin kantxaratu ziren Alcortakoak, eta partida amaitzeko 15 minuturen faltan zazpi gol azpitik zeuden markagailuan. Garaiz erreakzionatu zuten, ordea, eta markagailua parekatzeaz gainera garaipena ere eskura izan zuten, 22-23 irabazten zihoazela, partidako azken jokaldian lortu baitzuen berdinketa Indupime Basaurik. 
Alcorta sailkapeneko hirugarren postuan dago, 22 punturekin (9 partida irabazi, 4 berdindu eta 2 galdu). Elgoibartarrek baino bi puntu gehiago ditu Legazpik eta bost puntu gehiago ditu lidertzan dagoen Donibane Kalaburtza taldeak; pasaiarrek azken partida galdu zuten arren. Alcortak Txikipolit Zarautzen bisita jasoko du Olaizaga kiroldegian, Euskadiko Txapelketako 16. jardunaldian.

Garaipen argia Pizzeria Salentorentzat

Denboraldi aparta egiten ari da Pizzeria Salento Gipuzkoako bigarren mailan. Nagore Silvanek entrenatutako taldeak bere multzoko lehen postuan amaitu du lehen fasea. Jokatutako hamalau partidak irabazi dituzte eta bost puntuko aldea atera bigarren sailkatuari, Donostiako Bera Berari. Lehen faseko azken jardunaldian garaipen argia lortu zuten Olaizaga kiroldegian, Legazpiri 41-28 irabazita.