Ane Ablanedo (Iruñea, 1973) irakaslea da lanbidez, baina horrez gain, pedagogia berritzaileen formatzailea ere bada, eta azken urteotan haurtzaro askeago baten aldeko eginkizunean dihardu. Atxutxiamaikak antolatuta, ahalduntze saio bat emango die 0 eta 5 urte arteko umeak dituzten gurasoei. Otsailaren 7an izango da, goizez, 10:00etatik 13:00etara, Aita Agirre kulturgunean. Izena emateko Atxutxiamaren webgunean sartu behar da.
- Formazio saioa emango diezu 0-5 urte arteko umeen gurasoei. Zein izango da saioaren helburua? Zer azalduko duzu?
Helburua izango da haurren funtzionamenduari buruzko gakoak ematea gurasoei: nola garatzen garen, nola ikasten dugun… Horien arabera, gurasoek jakin dezaten nola erlazionatu beharko luketen haurrekin, haiek osasuntsu garatu ahal izateko.
- Heziketa askeaz diharduzu zure formazio saioan. Askatasuna hitz erakargarria da, baina zehazki zer esan nahi du askatasunean hezitzeak?
Askatasuna hitza erakargarria egiten zaigu, baina erakargarria bezain beldurgarria, eta bi sentsazio horiek jatorri bera dute, nolabait esateko. Erakargarria da berez, badakigulako askatasuna gauza ona dela; baina oso erakargarria iruditzen zaigu, urrun gaudelako. Eta urrun gaudenez, iruditzen zaigu askatasuna dela gure bizitzeko modutik oso-oso aparte dagoen bizitzeko modu desberdina. Hau da, erakargarria egiten zaigu iruditzen zaigulako askatasuna dela Nirvana moduko bat non dena posible den, ezerk ez daukan ondoriorik, nahi duguna egin dezakegu… Baina hori disfuntzionala da, definizio hori okerra delako. Erakargarritasun hori hortik datorkigun bezala, datorkigu baita ere beldurra. Jakina, benetan askatasuna hori dela uste baldin badugu, normala da beldurra edukitzea, izan ere, nola biziko gara elkarrekin bakoitzak nahi duena egiten eta ondoriorik gabe!. Hortaz, askatasunean hezteak esan nahi du gure beharren arabera bizi ahal izatea. Uste dut hori dela gakoa, eta hori da urteetako hausnarketaren ondoren askatasunaren definizio batera iristeko aurkitu dudan modua. Aske izatea da zu izan ahal izatea.
- Heziketa askeak ere mugak behar dituela diozu, askatasuna ez dela mugarik gabeko egoera paradisiako bat. Nola orekatu daiteke askatasunaren eta mugen arteko harremana?
Ez da askatasunak mugak behar dituela, baizik eta hemen dena dagoela mugatua. Ez da existitzen mugarik ez daukan ezer, ez dugu horrelako ezer ezagutzen. Hortaz, askatasunak ere funtzionatu dezan, muga batzuen barruan izan behar du. Ikusi beharko dugu zein muga diren askatasunarekin bateragarriak eta zeintzuk diren bateraezinak. Oso-oso mugatuta bagaude, ez gara aske, baina askatasunean bizitzeak ez du esan nahi batere mugarik gabe bizitzea. Beste era batera esanda, askatasunak behar ditu mugak baita ere, askatasun hori ahalbidetzeko, hau da, ume bati galdetzen badiozu hurrengo egunean zer egin nahi duen, beharbada handiegi zaio hori erabakitzea eta ez du jakingo esparru hori mugatzen. Baina aldiz galdetzen badiozu mendira, hondartzara ala lehengusuaren etxera joan nahi duen, seguruenik errazago egingo zaio hiru aukeren artean erabakitzea. Mugak beti forma ematen dio esparruari.
- Zigorrik gabe hezteari buruzko diskurtsoak ere entzun izan ditugu. Zigorrak beharrean, ondorioak aipatzen dira. Zein da diferentzia?
Zigorrak ez dira onak, eta esango nuke nahiko kontsentsu dagoela horren inguruan. Zigorrak biolentzia dakar eta baita ere zigorrak dauka pilatutako amorrua, beste era batera kudeatzen asmatu ez duzuna eta une batean eztanda egiten duena. Boterekeria ere bada zigorra, beste baten gainean eragiten den boterea. Hortaz, zigorrak baditu bere barnean edozein harremanetan onargarriak ez diren gauzak, beraz, haurrekin ere ez dira onak. Zigorrak eta ondorioak diferenteak dira, baina askotan ondorioa erabiltzen dugu zigorraren eufemismo gisa, badakigulako zigorra gauza itsusia dela. Baina ez dute gauza bera izan behar. Ondorioak dira ekintzek dituzten ondorio naturalak, eta zigorra litzateke ondorio natural horrez gain helduak jarri nahi izaten duen beste ondorio erantsi bat, umeak ulertu dezan egin duen hori gaizki dagoela.
- Gurasoak hezitzaile ala bidelagun izan behar du seme-alaben heziketan?
Izan daiteke terminologia kontua. Azkenaldian asko entzuten da bidelagun kontzeptua, baina oinarrian ez da hezitzaile izatearen oso diferentea. Garrantzitsuena da ikustea zein den heldu batek ume batekin funtzionatzeko behar duen modua, eta horri jartzen zaion izena gutxienekoa da. Heztea da beste pertsona baten nolakotasunean esku hartzea, zuk buruan daukazun eredu baten araberakoa izan dadin beste pertsona hori. Guri, heldu bezala, ez zaigu gustatzen ondoan hezitzaile bat izatea, uste dugulako guk badakigula zer den benetan guri komeni zaiguna, zer den egin beharko genukeena, baina badakigu ez dela horretarako momentua, beste momentu baten egingo dugula erabakitzen dugu… Hortaz, helduok nahi izaten ditugu bidelagunak. Ez du esan nahi bidelagun batek ezin dizunik mugarik jarri edo ezin denik zurekin haserretu, berarekin duzun harreman horretan marra gorriak gainditu badituzu ere. Egin behar dena da harreman osasungarriaren ezaugarriak definitzea da, jakiteko zein diren bidelagun onek bete behar dituzten funtzioak. Azken batean, heztea baldin bada direktibo izatea beste pertsonak egin behar duen bide horretan, iruditzen zait gurasoek oro har izan behar dutela bidelagun. Azken batean, denok izan behar dugu inguruan ditugun pertsona afektiboen bidelaguna.
- Heziketa autoritario batetik, aske hezitzera igaro gara. Guraso autoritarioetatik, askeetara… Horrek izango ditu bada arriskuak, ezta?
Lehen esan bezala, arriskuak datoz askatasunaz daukagun irudi oker horretatik. Autoritario ez gara izan behar inoiz, autoritarismoa gaizki dago. Boterekeria da eta biolentzia dago esplizituki, eta autoritarismotik alde egin behar dugula garbi dago. Askatasuna, aldiz, beti da ona eta baieztapen horrek ez dauka inongo ñabardurarik, baina gakoa da zer ulertzen dugun askatasunaz. Guraso askeak izan behar gara, baina baita ere, pertsona askeak, eta erlazionatu behar gara umeekin haiek ere aske izateko moduan.
- Umeekin gatazkak edukitzeari beldurra diogu askotan. Gatazkak kudeatzeko erremintak falta zaizkie gurasoei askotan. Nola ikasten da guraso da izaten?
Izaten. Hor baditugu jakintza batzuk, batzuetan konturatzen ez garen arren, eta lehenengoa da gu ere izan garela ume eta gu ere pasatu garela haurtzarotik. Horrek ematen digu esperientzia bat, eta badakigu ume ginenean zer gustatzen zitzaigun eta zer ez, zerk ematen zigun min, zein motatako helduak gustatzen zitzaizkigun, zeintzuk ez… Jakintza horri begiratzea garrantzitsua da. Beste jakintza bat da umeak gure espezie berekoak direla argi edukitzea. Guk badakigu zeintzuk ziren gure beharrak ume ginenean, eta umeak gure espezie berekoak direnez, haienak ere berdinak dira. Jakintza hori guztia gure barnean dago, baina beste jakintza arrazionalago batzuek zapalduta edo ezkutatuta egoten da askotan. Jakintza horri tiratzea ezinbestekoa da guraso izaten ikasteko. Umeekin ditugun gatazkak kudeatzeko ezinbestekoa da gatazkei denbora eskaintzea, eta baita ere, aintzat hartzea guri min ematen dizkiguten gauzak,askotan umeei min ematen dizkienak ere gauza berberak direlako.
- Gatazkak ekidite aldera, askotan dena onartzen zaie seme-alabei. Zein ondorio izan ditzake mugak ez jartzeak umearengan?
Mugarik gabe heztea ez da ona. Hasteko norberak bere buruari jarri behar dizkio mugak, eta haurtzaroan ez zara horretarako gai. Adin horietarako duzun erabakimen esparrua handiegia izan daiteke, eta esparru horren erabakimena izan beharrean galduta sentitzen zara; bakarrik. Mugak jartzeak lagundu egiten du.
- Heziketa aske horretan, guraso askok zailtasunak dituzte mugak jartzeko baina aldi berean, badakigu mugak jartzea beharrezkoa dela umeentzat. Nola kudeatu dezake gurasoak egoera hori?
Nik uste dut bereiztu egin behar direla zeintzuk diren zentzua duten mugak eta zeintzuk diren instruitzeko jartzen ditugun mugak edo gure automatikotik irteten direnak. Askotan oso mugatuta ditugu umeak, oso barneratuta dugulako heztea dela besteari esatea zer egin behar duen eta zer ez. Hausnartu eta galdera ondo formulatu beharko genuke, zein muga jarri baino umeak zer behar duen galdetuz gure buruari. Horretan jartzen badugu arreta, gainerako mugak zentzuzkoak izango dira.
- Haurren beharrak ezagutzea ere ezinbestekoa heziketa egokia eman ahal izateko. Ezagutzen al ditugu benetan behar horiek?
Haurren beharrak ezagutzea ezinbestekoa da, eta askotan uste dut ez garela horretara jartzen. Uste dugu haurrak beste planeta bateko izakiak direla, baina gure planeta berekoak dira. Beraz, haurren beharrak gure beharren berberak dira. Diferentzia da behar horiek hartzen duten forma haurtzaroan. Esaterako, denok behar dugu maitasuna, baina umeak garenean behar dugu maite gaituen pertsonaren presentzia, eta helduak garenean ulertzen dugu pertsona batek gure ondoan egon ez arren, maite gaituela. Baina umetan ez badugu maitasun presentzialaren presentzia hori sentitu, agian helduaroan ere beharko dugu maite gaituena ondoan egotea, ohikoan baino gehiago.
- Zenbat mugatzen du haurren heziketa gurasoaren beldurrak? Gurasoen beldurrak izaten al dira seme-alabentzako muga?
Beldurrak ez ezik gurasoen nolakotasunak ere baldintzatzen du umeen heziketa. Beldurrak ekartzen du askotan umeari berezkoa litzaiokeen esperimentazioa mugatzea, eta transmititzen diogu zerbaiten gaineko beldurra, beldur hori gurea denean eta ez berea. Onartu behar dugu bizirik egotea arriskuak hartzea ere badela, eta esperimentazioa oso garrantzitsua da. Egia da, baina, beldurra segurtasunarekin lotuta dagoela, eta segurtasuna oinarrizko baldintza da umeak ongi egoteko. Hortaz, bermatu beharko genuke esperimentaziorako gune bat, segurtasun baldintzak betetzen dituena.
- Umeek ikusten dutena errazago barneratzen dute, esaten zaiena baino. Baieztapen hori entzun izan dugu sarri, eta horrek berarekin dakar gurasoen jokabidean arreta jartzea, azken batean egiten dugunetik ikasten dutelako haurrek, ezta?
Ez soilik umeek, helduok ere horrela ikasten dugu. Ñabardura bat jarrita, garen horretatik transmititzen duguna da benetan iristen dena, hau da, esaten duguna autentikoa bada eta gure izaerarekin bat datorrena bada, iritsi egiten da. Aldiz gure koherentziatik esandako eslogan modukoak ez dira iristen. Beraz, zuretzat garrantzitsua dena zugan integratu behar duzu, eta zeuretik transmititu, zeuretik datorren guztia delako berarentzat hezigarria.
- Haurren behar ordezkoak eta konpentsatorioak ere aipatzen dituzu. Zer dira zehazki eta noiz edo nola erabili behar dira?
Helduok ere baditu behar konpentsatorioak. Oinarrizko beharrak ase gabe ditugunean agertzen zaizkigun beharrak dira, eta iruditzen zaigu horiek direla benetan ase behar ditugunak. Ordezkoak gehiago dira beharrak adierazteko ditugun zeharkako bideak, hau da, ez dugu zuzenean esaten zer behar dugun eta beste jokabide batzuen bidez adierazten dugu. Hori irakurtzen jakitea garrantzitsua da gurasoentzat. Adibidez, pertsona amorratu batek barruan daukana da maitasun beharra, baina askotan ez dakigu nola adierazi. Beraz, behar konpensatorioak ase ezinak dira eta antsietatea sortzen dute.
- Garapenaren logika ezagutu beharrezko oinarrizko printzipio bezala aurkeztu duzu. Zer esan nahi duzu horrekin?
Garapena nola ematen den ulertu behar da. Askotan uste dugu ume baten beharra frustratu egin behar dela, bestela behar horretan engantxatuta geratuko delako, eta jakin behar da guztiz kontrakoa gertatzen dela. Ume bat geratuko da behar horretan kateatuta, behar hori nahikoa asetu ez bazaio. Garaenari buruzko sinismen batzuk desmontatu egin behar dira.
- Emango al diguzu gomendioren bat umeak aske hezitzeko?
Zure umeak aske hezi edo hazi dadin nahi baduzu jar ezazu arreta pertsona horrek hori izateko behar duen horretan eta ahaztu horrenbeste entzuten diren mugak. Jarri arreta eskaini nahi diozun bizitza horrek eduki beharko lituzkeen baldintzetan eta saiatu zure bizitza ahalik eta gehien egokitzen horretara.

