Arslan Mohammad (Pakistan, 2001) Pakistango Gujrad probintzian jaio zen, eta lau neba-arreben artean zaharrena da. Neba-arrebetako hiru han jaio ziren, eta laugarrena, Elgoibarren. Aita etorri zen lehenengo, eta handik urte batzuetara gainerakoak. Arslanek 11 urte zituen Elgoibarrera iritsi zirenean.
Arslan duzu izena, baina Elgoibarren, Alan zara denontzat.
Bai; badirudi nire izena ahoskatzea zaila egiten zitzaiola jendeari, eta laburtu egin zuten. Durangoko areto futbol talde batean jokatzen nuen garaian hasi zitzaizkidan Alan deitzen, eta orain horrela ezagutzen naute guztiek.
Smart Movil dendan egiten duzu lan. Nola hasi zenuten negozioa?
Aita hona etorri zenean igeltsero lanetan hasi zen. Hark ez zeukan ikasketarik, baina urte hauetan guztietan formazio asko egin ditu eta orain lehen mailako ofizial titulua dauka. Lan askoren ondoren, denda hau zabaldu zuen, baina hark igeltsero lanarekin jarraitu zuen. Langile batzuk jarri zituen dendan, ustez konfiantzazkoak, baina ez ziren ondo portatu aitarekin. Gure herrialdean erraz fidatzekoak gara, eta hori da gure akats nagusia. 2020an gainbeheran zegoen negozioa, eta nik hartu nuen dendaren ardura. Aita orain lasai dago, eta badaki denda esku onetan dagoela.
Zein zerbitzu eskaintzen dituzu?
Sakelako telefonoekin zerikusia duen guztia egiten dut. Dena nire kabuz ikasi dut, eta gaur egun teknikari profesionala naiz. Eskolan nenbilenean ere egiten nituen lantxo batzuk, eta gogoratzen naiz irakasleren bati ere konpondu niola telefonoaren pantaila. Googlen iruzkin asko ditu dendak, denak onak, eta 5etik 4,8ko nota eman didate. Egunero ikustaldi pila bat ditugu sarean, eta Elgoibarko onenak gara gure sektorean. Oso pozik nago. Sakelakoek dituzten arazoak konpontzen ditut, pantailak ere bai, telefonoak eta osagarriak saltzen ditut, eta Internet bidez egiten diren erosketak jasotzeko zerbitzua ere ematen dut. Egunean, batez beste, 250 bat pakete entregatzen ditugu, eta Eguberrietan askoz gehiago; zoratzekoa izan da paketeen kontua. Horrez gain, Amazoneko paketeak entregatzen ere ibiltzen naiz. Ordu asko sartzen ditut, eta tarteka anaiak laguntzen dit. Egun batzuetan goizaldeko 02:00ak arte egoten naiz telefonoak konpontzen, dendan ez dudalako astirik izaten konponketak egiteko.
Nola hartu zaituzte Elgoibarren?
Ezin hobeto! Nik jendea beti ondo hartzen dut dendan, eta haiek ere berdin hartzen naute ni. Denetariko herritarrak etortzen dira dendara, adin askotarikoak, eta batzuekin pazientzia handia behar da. Adinekoak ere sarri etortzen zaizkit, telefonoaren funtzionamenduarekin arazoak dituztelako, eta denei laguntzen saiatzen naiz. Askotan, egun txarrak izaten ditut, baina bezeroaren aurrean nire arazoak bigarren mailan geratzen dira, eta haientzako beti daukat irribarre bat. Jendeak ezagutzen nau, eta badaki fidatzekoa naizela. Konfiantza ematen diet bezeroei, eta haiek eskertu egiten dute. Jende asko dabil dendan, ilara handiak sortzen dira, baina saiatzen naiz bezeroak azkar artatzen. Batekin nagoen bitartean hurrengoari ere kasu egiten diot, itxaroteak jendea aspertu egiten duelako, eta nik badakit dendatik pozik irteten den bezeroa berriro itzuliko dela. Esango nuke gure balioa hor dagoela: hiru edo lau lagun batera artatzeko gaitasuna daukat, eta ahalegin hori eskertu egiten dute. Bezero bat galtzeak, askotan, hamar galtzea ekartzen du, eta nik nahiago dut bat irabazita beste hamar erakarri.
Nola moldatzen zara euskararekin?
Ulertzen dut euskaraz, eta hitz egiten ere badakit, baina gai batzuk azaltzeko ez naiz gai. Gutxieneko elkarrizketa batzuk bai, eta bezeroek eskertu egiten dute euskaraz egitea; adinekoek, batez ere. Elgoibarrera iritsi ginenean Herri Eskolan hasi ginen ikasten, eta han ikasi genuen euskara. Hasiera ez zen erraza izan. 2011. urtea zen, eta ordu hartan ez zegoen etorkin askorik Elgoibarren. Gogoratzen dut anaia eta biok eskutik helduta joaten ginela eskolara eta jendea begira-begira geratzen zitzaigula. Hasieran ez genuen ezer ulertzen, eta arraro samarra zen egoera. Beste herrialde batzuetako ikasleekin elkartu ginen, Nikaraguakoak ziren batzuk, eta gaztelania ikasi behar izan genuen. Iruditzen zait hemen bizitzeko ez dela beharrezkoa euskaraz jakitea, eta gaztelaniarekin nahikoa dela. Hala ere, dendan saiatzen naiz hitz batzuk euskaraz egiten bezeroei. Nik bost hizkuntza hitz egiten ditut: Pakistango bi, gaztelania, ingelesa eta euskara.
Nolakoa da hemengo bizimodua?
Oso gustura bizi gara hemen. Tarteka, gure herrialdera joaten gara, familiakoak bisitatzera, baina gure bizitokia hemen dago. Pakistango jendea badago Elgoibarren, baina asko ez dira irteten. Erlijioak asko eragiten du gurean, eta laster ramadan sasoian sartuko gara. Baina, bestela, hemengo gazteek egiten dituzten gauza berberak egiten ditugu gure denbora librean: kalera irten, turismoa egin... Gustuko dugu Euskal Herria.