Urazandiberri eremuan dagoen DMP-Morkaiko lantegien eraikina eraisteko lanak astelehenean hasiko dituzte. Arratoien kontrako tratamendua amaitu dute dagoeneko, eta datorren astean hasiko dira eraikina eraisteko obrak.
Eraikin horren jabea Danobatgroup da, eta enpresak berak hartuko du beregain eraisketaren kostua; 200.000 euro, gutxi gorabehera. Eraisketa lanak aurten egingo dituzte. Ondoren, alokairuan hartuko du Udalak lursaila, eta aparkalekuak egingo ditu bertan.
Maialen Gurrutxaga, Elgoibarko alkateak adierazi duenez, azken urteetako lanaren emaitza da gaur aurkeztu dutena: "Gure esker hona adierazi nahi diogu Danobatgroup-i, gure herria hobetzeko egiten duen lanagatik. Guretzako garrantzitsua da industriarekin lankidetzan aritzea Elgoibarrek aurrera egiteko”.
Aldi berean Julian Aizpurua Danobatgroup-eko Lehendakariak ere adierazi du inpaktu soziala eta gure inguruan transformazioa erraztea eta aberastasuna sortzea direla taldearen helburuak; jasangarritasuna eta konpromiso sozialaren alde egiteko.
Elgoibarko Udalak eskerrak eman nahi dizkio Danobatgroup-i proiektu hau posible egiteko erakutsi duen prestasun eta laguntzagatik.