San Blas opilak bedeinkatu dituzte parrokian

Ainhoa Andonegi Alonso 2026ko otsailaren 3a

San Blas Eguna da gaur, eta horren harira meza berezia egin dute eliztarrek San Bartolome parrokian. 

Otsailaren 3a da gaur, egutegian, San Blas Eguna, eta tradizioari eutsiz, San Blas opilak eta eztarrirako lokarriak bedeinkatzeko mez berezia egin dute San Bartolome parrokian. San Blas III. mendeko martiri bat izan zen, gotzaina eta medikua. Haur baten eztarriko gaitza mirariz sendatu zuela dio kondairak, eta eztarrien zaindaritzat hartzen da kristau kulturan. Bedeinkatutako lokarria bederatzi egunez jantzi behar da eztarrian, eta azken egunean erre. Horrek ziurtatzen du urte osoan eztarriko gaitzik ez edukitzea. 

Atzo, Kandelario

Otsailaren 2an, berriz, Kandelario Eguna ospatzen da, eta Elgoibarren kandelak bedeinkatzeko ohitura dago. Ez zen, baina ohiko bedeinkazioa izan: Joseba Gonzalez parrokoak beste konpromiso bat zeukan Iruñean, eta haren ordez etortzekoa zen apaiza ere azken unean ez zen agertu. Beraz, Parrokiako laguntzaileek hartu zuten azkenean bedeinkazioaren ardura. Kandelario edo Garbikunde Eguna izenez ezagutzen da egun hori kristauen artean, eta Jesus haurtxoaren tenpluko aurkezpena irudikatzen du. Aintzina, inauteriei hasiera ematen zion eguna izaten zen.